Ardi ile bilketa eginen du Malerrekako Mankomunitateak uztailean eta abuztuan

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 20a, 16:00

Baserritarrek ardi ilea zakurik eta sokarik gabe utzi beharko dute.

Baserriak eskualdean duen garrantzia ikusita eta baserritarrek artilea kudeatzeko dituzten zailtasunak agerian, ardi ilea behar bezala kudeatzeko Malerrekako Mankomunitateak azken urteetan erabilitako kudeaketa sistema martxan paratuko du berriz ere. Horretarako zerbitzua erabili nahi duten baserritarrek uztailaren 11 baino lehenago mankomunitatera deitu beharko dute izena emateko, 948 45 17 46 telefonora, 09:00etatik 14:00etara.

Uztailean, eskaera egin duten artzain guztiak kontutan hartuta bilketa antolatu ondotik, Mankomunitateak izena emandako baserritarrei deituko die azken hauek adostutako bilketa puntu batera artilea eraman dezaten. Aurreko urteetan bezala, bilketa puntuak artilea sortzen den tokitik ahalik eta gertuen kokatuko dituzte.

Baserritarrek artilea zaku eta sokarik gabe utzi beharko dute. Zakuetan dagoen edo sokak dituen artilea ez da bilduko. Mankomunitateak bilketa, kudeaketa eta hauen kostua bere gain hartuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun