UEMAko batzar nagusiak bortz kide berri onartu ditu, horien artean Donamaria

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 15a, 08:00

Ezkerretik eskuinera: UEMAko lehendakariordea eta lehendakaria, Ibarrangeluko alkatea, Ormaiztegikoa, Mundakakoa, Mutiloakoa, Donamariakoa eta Azkoitikoa. Argazkia: UEMA.

Atzo Azkoitian egindako batzar nagusian elkartu ziren UEMA osatzen duten udalerri euskaldunetako 125 bat alkate eta zinegotzi. Batzarrean, 2025-2029ko plan estrategikoa onartu zuten eta baita Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegiko udalek mankomunitatera sartzeko eskaerak ere. Horiek onartuta, 118 udal daude orain UEMAn. Guztien artean 253.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.

Bortz herri berriekin, 118 udalerri izatera ailegatu da UEMA, eta guztien artean 353.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen du mankomunitateak.

 

Herri berrien eskaerak onartu aitzinetik, hainbat kontu izan zituzten aztergai UEMAren batzar nagusian. Batetik, Siadeco ikerketa etxeak UEMArendako egindako proiekzio demolinguistikoa aurkeztu zuen Iñaki Iurrebaso soziologoak eta UEMAren ikerketa arduradunak. Zehazki, Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036. Proiekzio demolinguistikoaren emaitzen berri eman zieten batzarkideei. Lan horretan, gertatzen ari diren aldaketa demografikoak kontuan izanda eta oraingo joera soziolinguistikoak bere horretan segituz gero euskararen egoera 2036an zein izanen den aztertu du Siadecok. Emaitza hurrengo asteotan plazaratuko dute.

Ondotik, UEMA lantzen ari den hainbat konturen berri eman zioten batzarkideei: herriz herri euskararen egoerari buruzko argazki eguneratua biltzen duten koaderno demolinguistikoak, urrian Euskal Herrian egitekoa den arnasguneei buruzko nazioarteko konferentzia, euskara eta kulturartekotasuna uztartuz gurasoendako berariaz prestatutako Etorri euskarara! ikastaro berriak, edota euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko UEMAk EITBrekin berretsi eta zabaldu duen hitzarmena. Euskararen aurkako oldarraldiaren harira udalek dituzten kezkak ere hizpide izan zituzten.

Bertzetik, iazko kontuak onartu ondotik, 2025-2029ko UEMAren plan estrategikoa ere aztertu eta onartu zuten batzarkideek eta, azkenik, UEMAko kide izateko herri berriek egindako eskaerak ere onartu zituzten. Horrela, hemendik aitzinera bertze bortz herri dira UEMAko kide: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi. Behin horiek onartuta, bortz herrietako udal ordezkariek hartu zuten hitza. Batzarkideei eskerrak eman ondotik, ilusioa eta ardura izan dira gehienek nabarmendu zutena. Izan ere, udalerri euskaldunak badira ere, euskararen biziberritzearen inguruko kezkak eta erabileran eragiteko zailtasunak aipatu zituzten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun