«Berriak egotea bera herria bizirik dagoenaren seinale da»

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 15a, 08:00

Xabier Olazar Elgorriagako berriemailea da.

Xabier OLAZAR MARIEZKURRENA Elgorriagako gaztea.

2025eko otsailaz geroztik Elgorriagako berriak maizago ageri dira Ttipi-Ttapa aldizkarian eta neurri handi batean Xabier Olazarri esker da hori: «urte hasieratik gara Iratxe eta biok berriemaile. Inauterietan Iratxeri proposamena egin nion, ideia gustatu zitzaion eta inauteriak aitzakia harturik lehenengo aldiz idatzi genuen». Geroztik, xuxen-xuxen ari dira hamabostean behin beraien herrian gertatzen denaren berri ematen. 

Horretarako, herriko whatsapp taldean partekatzen duten informazioa erabiltzen dute, «bertan Elgorriagarekin erlazionatuta dauden ekintzak partekatzen dira eta informazioa eskuratzeko bide egokia da guretzat». Herritarren laguntza ere izaten dute: «edozein herritarrek argitaratzea nahi duen berri bat badu guri abisatzeko eskatzen diogu, gertatzen den guztiaz enteratzea zaila baita bertzenaz». Hasiberriak dira eta badute ilusioa: «espero dugu berri berezi aunitz kontatzeko aukera izatea. Berriak egotea bera berri ona da, herria bizirik dagoen seinale».

Hainbat afizio

Bere burua aurkezteko eskatuta, «30 urteko Elgorriagako mutil bat» dela azaldu du, «ingeniaritza elektronikoa ikasi dut eta kirola, bidaiatu eta lagunekin egotea ditut gustuko».

Kirolari lotuta, duela hiru urte crossfitean hasi zen: «hainbat kirol probatu nituen, baina ez nintzen behar bezala lotzen. Crossfitean hasi  eta gustua hartu nion. Nire helburua ez da lehiaketetan parte hartzea, osasuntsu mantendu eta fisikoki aktibo egoteko egiten dut kirola». Teknologia eta elektronika ere gustuko ditu: «hori ikasi nuen eta horretan ari naiz lanean, beraz, ezin naiz kexatu».

Bidaiatzea ere maite du eta azken urteetan atzerrira bidaia dezente egiteko aukera izan du: «Europako hainbat herrialde, Egipto, Peru, Tailandia... bisitatu ditut». Gainera, futbola eta bidaiatzeko afizioa lotzeko aukera ere izan du: «Realeko zalea naiz eta azken urteetan Europa mailako lehiaketetan parte hartu dutela aprobetxatuz turismo pixka bat ere egin dut partidak ikusteko aitzakiarekin». Itzultzeko toki bat aukeratu behar balu, «Islandia» izan da bururatu zaion lehenbizikoa: «hagitz toki berexia da. Geyserrak, ur jauziak, termak... Naturaz estalita dago eta ikusgarria da». Hurrengo bidaia nora eginen lukeen galdetuta berriz, «toki pila batetara» joanen litzatekeela dio, «mundua oso  handia da eta toki bakoitzak badu bere xarma. Adibidez, momentu onena ez den arren, Errusia gustura bisitatuko nuke».

Astebururako plan bat proposatzeko eskatutakoan, ordea, etxetik hurbil osatu du plana: «udan eguraldi ona eginez gero lagunekin Bostorratzen barbakoa bat prestatu, otordu on bat egin eta arratsaldean lasai ederrean egotea». Elgorriagan eta inguruan aisialdirako aukerak badirela uste du: «hain herri txikiak izateko urtean zehar ekitaldi dezente antolatzen dira, bai Elgorriagan baita inguruko herrietan ere: bestak, inauteriak, mendi itzuliak, sagardotegiak, kultur egunak...». Horietako aunitz, mahaiaren bueltako hitzorduak: «jan eta edateko edozein aitzakia da ona». Mendiz inguratuta egoteak ere aukera aunitz ematen ditu aisialdirako. Hori bai, «kirolarekin lotutako bertze aukeretarako gehienetan Doneztebera hurbildu beharra dago». 

Elgorriagaren etorkizuna

Elgorriagak zer duen faltan galdetutakoan, bertako frontoian jarri du begirada: «frontoia plaza moduan ere erabiltzen da eta teilaturik ez daukanez, nik aterpe bat faltan botatzen dut euria egiten duen egunetarako». Horrekin batera, herriaren etorkizunerako giltza izan daitezkeenak ere aipatu ditu: «inguru guzian gertatzen den bezala: industria, etxebizitzak... beharrezkoak dira bertako jendeak herrian bizimodu duin bat egiteko aukera izan eta kanpora joan beharrik ez izateko».

Horrexek kentzen dio loa: «bertako jendeak bertan bizitzeko aukerarik ez duelako hemendik joan behar izateak kezka eragiten dit». Biztanleak galtzean aunitzez gehiago galtzen delako bidean: «despopulazioaren ondorioz bertako bizimodua, ohiturak eta euskara pixkanaka galtzen joateko arriskua dago».

Etorkizun beltza irudikatzen hasi beharrean, hobe eskura dituen ametsei eustea: «arlo pertsonalean eta lan arloan gustura nago eta horrela jarraituko banu kontent nengoke. Egunerokoan pozik egotea eta ingurukoak osasuntsu egotea ez da erraza eta betetzen bada, ez dut bertze ametsik behar».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun