Igandean, hilaren 15ean, berriz, Doneztebeko Herri Krosaren 45. edizioa eginen dute Errekak antolatuta. Haurrak zein helduak ariko dira lasterka.
Kategoriaka banatuko dute lasterkariek egin beharreko distantzia: maila berezikoak 75 metro egin beharko dituzte lasterka, aurrebenjaminek eta benjaminek 420 metro; alebinek 820 metro; infantilek 1.220 metro; kadeteek 1.825 metro eta jubenilek 3.650 metro. Seniorretan eta beteranoetan bi ibilbide izanen dira aukeran: 3.650 metroko motza eta 7.330eko luzea.
Haurren probak 10:30ean hasiko dira eta kadeteenak, jubenilenak, seniorrenak eta beteranoenak, aldiz, 11:30ean.
Izen emateko aukera ireki dute Errekaren webgunean, eta egunean berean egiteko aukera izanen bada ere, aitzinetik egiteko eskatu dute. Prezioari dagokionez, kadete arteko haurrek debalde izanen dute eta zaharragoek 8 euro ordaindu beharko dituzte.
Sariei dagokionez, lasterketa luzean lehen hiru postuak lortzen dituztenek diru sariak hartuko dituzte. Gainera, sari berezia izanen da lasterketa luzeko herriko lehenengo gizonezko eta emakumezkoarentzat: urdaiazpikoa. Gainerako parte hartzaileek oroigarriak hartuko dituzte.