Frontoiaren 80. urteurrena ospatuko dute larunbatean Ezkurran

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 11a, 12:00

Frontoiaren urteurrenaren harira, txistularien saioa, pilota partidua, aizkora desafioa, hitzaldia, erakusketa eta luntxa antolatu ditu Ezkurrako Udalak.

Bengoetxeatar pilotariak, Tito Gorostiaga palista, Miguel Mindegia aizkolaria... Aurpegi ezagun askoren bilgune izan da urteotan Ezkurrako frontoia. Baita hainbat ekitaldiren lekuko ere. Gehiago ere bai, 1945era arte interes kolektiboko gaiei buruz eztabaidatzeko tokia izan zen.

Frontoia eraiki aurretik, plaza izan zen, gaztainondoz inguratua, eta XIX. mendean bihurtu zen pilotaleku. Urteak pasatu dira geroztik eta aurten, 80 urte beteko ditu. Horren harira, urteurreneko festa ospatu nahi dute Ezkurran eta larunbat honetan, ekainaren 14an, egin dute hitzordua.

Egitaraua
  • 09:30ean Aurtizko txistulariak ibiliko dira.
  • 10:00etan pilota partidua hasiko da: Bereau eta Urruzola, Txoperena eta Santestebanen kontra ariko dira.
  • 11:00etan aizkora apustua eginen dute. Joxean Etxeberriak eta Eneko Otañok hamasei kanaerdiko moztu beharko dituzte.
  • 12:00etan Fernando Etxeberriak frontoiaren historiari buruz solasaldia eginen du.
  • Horrez gain, frontoiko eta herritarren argazkiekin erakusketa ikusgai izanen da.
  • Hitzordua borobiltzeko luntxa izanen da denentzat.
  • Hitzordua girotzeaz Aitor Ibarra sunbildarra arduratuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun