Ezkurra II.a eta Juanenea ez dira Sagardoaren Txapelketako finalean izanen

Ttipi-Ttapa 2025ko eka. 10a, 14:00

Josetxo Ezkurra eta Aritz Juanenea saldiastarra gogotik saiatu ziren arren, ezin izan zuten finalerdia irabazi astelehenean Galarretan. Argazkia: Maialen Andres

Aldaberen eta Barrenetxea IV.aren kontra galdu dute finalerdia ekainaren 9an.

Ekainaren 16an, datorren astelehenean, Aldabek eta Barrenetxea IV.ak jokatuko dute Sagardoaren Txapelketako finala Urrizaren Larrañagaren kontra. Finalerdian, Kemen Aldabek eta Endika Barrenetxeak Josetxo Ezkurra doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra menderatu zituzten, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea 2025eko Sagardoaren Txapelketa Erremontari saioko final handirako sailkatu ziren astelehenean Galarretan, Hernanin, eta, honenbertzez, Sagardoaren Txapelketako txapelak eskuratzeko partidan lehiatuko dira, datorren astelehenean, ekainaren 16an, Javi Urrizaren eta Iban Larrañagaren aurka. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak, finalerdian Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra eta Aritz Juanenea saldiastarra hartu zituzten mendean, bi jokotan, 14-15 eta 7-15.

Hala, Erremontari saioko finalean, alegia, Javi Urrizak bere kirol ibilbidean jokatuko duen azken partida handian, aurrelari iruindarra eta Larrañaga eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a arituko dira nor baino nor gehiago. Finalerdiak bi zati arras desberdin izan zituen; izan ere, lehenengo jokoan, bi bikoteak parean ibili ziren, eta Aldabek eta Barrenetxea IV.ak tanto bakar batez eskuratu zuten puntua. Bigarren jokoan, ordea, Ezkurra II.ak eta Juaneneak ez zuten aukerarik izan. Bigarren joko horretan, gakoetako bat izan zen Barrenetxea IV.aren sakea; atzelari hernaniarrak sei tanto egin zituen sakearekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun