Etxebesterekin batera, Ainitze Zumeta, Sara Jimenez de Aberasturi, Eider Garcia Durana, Lierni Osa eta Maddi Gesalaga ariko dira. Egin beharreko lanari dagokionez, 68 kiloko Jai Txiki eta 64 kiloko Mollarri harri baldarrak txandakatuz, zazpi minutuko txanda bat osatzea izanen dute. Markarik onena joan den urtean egin zuen Ainitze Zumetak, 31 altxaldirekin.
Gizonezkoei dagokienez, bederatzigarren edizioa izanen dute. Aimar Galarraga, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Gorka Etxeberria, Paulo Azpiazu, Mikel Lopetegi Urra eta Iker Sojo ariko dira. Hauek ere zazpi minutuko txandan, 117 eta 119 kiloko harriak altxatu beharko dituzte txandaka. Urrak egin zuen markarik onena 2019an, 31 altxaldi.
Aritzbatalde pilotalekurako sarrera 5 euro ordaindu beharko da, 16 urtez azpikoak eta Zarautz Kirol Elkarteko bazkideek doan.