Goizeko ekitaldiak Beintzan egin zituzten eta arratsaldekoak Labaienen. Goizean harrerarekin eta omenaldiarekin hasi ziren ofizialki Malerreka Eguneko ekitaldiak. Jon Telletxea Malerrekako Mankomunitateko presidenteak eta Beintza-Labaiengo alkateak TTIPI-TTAPAri kontatu dionez, «momentu polita eta hunkigarria izan zen 21 omenduei egin zitzaien ekitaldia». Mª Luisa Albiasu Etxeberria, Juan Jose Albistur Aldaia, Pedro Aldaia Etxeberria, Mª Delfina Amondarain Elizondo, Mª Carmen Ariztegi Urroz, Pedro Miguel Baleztena Albistur, Mª Presentacion Etxegia Lasarte, Jesus Etxeberria Etxeberria, Ana Mª Etxeberria Erasun, Mª Concepcion Etxeberria Erasun, Mª Jesus Erasun Juanena, Vicente Erasun Mitxeo, Mª Carmen Etxeberria Etxeberria, Isabel Fernandez Cureses, Candida Goñi Albistur, Mª Rosa Goñi Albistur, Mª Soledad Juanena Elizondo, Juana Juanenea Lasarte, Pedro Lekaroz Santesteban, Santos Telletxea Telletxea eta Sebastian Carlos Zubieta Garmendia izan ziren omenduak.
Handik aurrera, ez zuten aspertzeko tarterik izan. Dantzariek eta herri kirolariek «saio ederra» egin zuten; Zubietako eta Iturengo joaldunek bi auzoetan barrena joareen soinuak zabaldu zituzten; artisauek, musikariek eta talogileek ere ez zuten hutsik egin eta eguerdiko bazkarian ere jendetza bildu zen: «Salgai atera ziren 450 txartelak berehala saldu ziren eta askok kanpoan gelditu behar izan zuten», kontatu du Telletxeak.
Haurrek eta gaztetxoek ere izan zuten beraien momentua, buruhandiekin eta jokoekin, eta txokolatea ere banatu zieten. Museko txapelketako finalean, berriz, Iturengo bikoteak (Oier Bereau eta Julen Altxu) eraman zuen lehen postua eta eratsundarrak bigarren (Ioritz Oiartzabal eta Andres Zubillaga) gelditu ziren.
Ekitaldi bukaeran mus txapelketako sariak banatu zituzten, eta horrekin batera, lekukoa Bertizaranari pasatu zioten. Andres Etxenike Bertizaranako alkateak hartu zuen lekukoa, Jon Telletxearen eskutik.
Bestalde, Telletxeak eskerrak emateko probestu nahi izan du tartea: «Ez genuke inor ahantzi nahi eta antolakuntzan parte hartu zuten herritar eta mankomunitateko herri guziei eskerrik asko; baita hurbildu ziren guziei ere; eta Aitor eta Joni ere bai, musikari eta hizlari lanetan aritzeagatik». Bere hitzetan, «herri guzien arteko anaitasun egun bat egiten hasi zenetik, besta edo egun hau izena hartzen» ari dela agerian gelditu da, eta ez hori bakarrik, baita «ttiki askoren artean gauza ttikiak eginez, gauza handiak lortzen ahal direla» ere. «Aurrera segituko dugu Malerrekako Egunarekin, hasitako bideak ez du etenik».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!