Gaztea da oraindik Nahia Bertiz Babaze (Sunbilla, 2009). Urte hondarrean beteko ditu hamasei urte, baina pilota munduan bere arrastoa uzten ari da. Azken urteotan jauntzi dituen zapel kopuruari erreparatzea aski da hori hola dela ohartzeko: 2020tik hemezortzi garaipen lortu ditu, eta horietatik hiru aurten, urteko lehenbiziko hiru hilabeteetan. Eta nola diren kontuak, «kasualitatez» hasi zen kirol batean osatzen ari da palmaresa. Duela zazpi urte hasi zen pilotan, bederatzi urterekin, Doneztebeko Erreka klubean, eta hasiera hartaz, gaur egungo kontuez eta etorkizuneko erronkez mintzatu da Ttipi-Ttaparekin.
Nor dugu Nahia Bertiz Babaze?
Bere buruari aunitz eskatzen dion sunbildar gazte, alai eta kirolzale bat.
«Pilotan kasualitatez hasi nintzen»
Zergatik aukeratu zenuen pilota?
Kasualitatez hasi nintzen. Kenpo Kain ibiltzen nintzen, eta anaiak pilotan apuntatu nahi zuen, baina lotsa ematen zion ez zuelako inor ezagutzen. Lehenbiziko entrenamenduan, berari laguntzeko asmoz, anaiarekin sartu nintzen frontoira, eta pilotakada batzuen ondotik izan nuen sentsazio ona ikusita, segidan galdetu nion amari ea apuntatzen ahal nintzen. Hola hasi nintzen pilotan.
Erreka elkartean hasi zineneko zer oroitzapen dituzu?
Oroitzapen onak ditut. Lehenbiziko bi urteetan pilotako nire bikotekideak mutilak izan ziren, eta beraiekin aritzen nintzen, bertze klubetako neskak bezala. Gerora izan nuen nesken arteko txapelketen berri.
Joan den urtean eta aurten, Ados Pilotaren promozio mailako txapelketan txapeldun izan zara... Nola ikusi duzu zeure burua?
Iazkoa niretako arrunt berezia izan zen, promozio mailan jokatzen nuen lehenbiziko aldia izan zelako. Nire bikotekideak, aldiz, Aizane Ibarrolak, bigarren urtea zuen maila horretan eta finalean hori ere ikusi zen. Nik nerbiosoago jokatu nuen, baina bere esperientziari esker, partidua aitzinera atera eta irabaztea lortu genuen. Aurten diferentea izan da. Joan den urtean lortutako txapeldunaren estatusa mantendu behar izatearen presioa nabaritu dudan arren, lasaiago jokatu dut. Txapelketa gorabeheratsua izan da aurtengoa, nire bikotekideak, Olatz Intsaustik, eta biok partidu batzuk eskuko minarekin jokatu behar izan ditugulako eta ez zaizkigulako gauzak nahi bezala atera. Hala ere, azkenean, arrunt kontent nago berriz ere finalera ailegatu eta finala irabazteko kapaz izan garelako.
Aurten, gazteen kategorian, Nafarroako selekzioarekin Espainiako txapeldun ere izan zara. Zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia bikaina. Txapelketa Zaragozan jokatu genuen, hiru egunez. Motza egin zitzaidan arren, selekzioarekin joan ziren bertze neska eta mutilekin harremana sendotzeko eta ongi pasatzeko aukera izan nuen eta gainera, urrezko domina ekarri nuen!
Aurten, orain arte irabazi duzun hirugarren garaipena Emakume Master Cupeko promesa mailakoa izan da, Alize Sagarduirekin...
Bai. Txapelketa honetan inolako helbururik gabe hasi nintzen eta sorpresa izan da! Inoiz ez genuen Alizek eta biok bikote moduan jokatu, baina txapelketan arrunt ongi moldatu gara eta bikote sendoa osatzen dugula erakutsi dugu.
«Lortu ditudan zapel eta domina guziek badute zerbait berezia»
2020tik hemezortzi garaipen lortu dituzu: hamahiru zapel eta bortz urrezko domina. Horien artean, bada bakarren bat berezia?
Lortu ditudan zapel eta domina guziek badute zerbait berezia. Hala ere, niretako garrantzitsuena joan den urtean jokatutako GRABNI txapelketa izan zen. Gazteen mailan, finala jokatzeko aukera izan nuen Gasteizko Ogeta pilotalekuan eta 14 urterekin partidua irabazi ez banuen ere, Andrea Capellan bezalako pilotari indartsu bati 20 tanto ateratzeak pilotan segitzeko indarra eman zidan. Motibazio iturria izan zen niretako.
Aurten, Emakume Master Cupeko Nafarroako Irekian aritzeko aukera izan duzu, elite mailan binaka. Pauso handia izan da?
Bai, ilusio ikaragarria egin dit. Amets bat betetzea izan da! Joan den urteko udatik honat, partidu batzuetan ordezko lanetan aritu naiz, eta nahiz eta koska handia dagoela nabaritu, orokorrean ongi ikusi dut neure burua. Nafarroako Irekiko lehenbiziko partidua Izaban jokatu genuen apirilaren 19an, eta galdu genuen. Txapelketak kanporaketa sistema duenez, txapelketan aitzinera egiteko aukerarik gabe gelditu naiz, baina hala ere, kontent nago honat ailegatu naizelako.
Normalean gibelean aritzen zara. Zergatik?
Bai, gibeleko jokoa aunitz gustatzen zait. Pilota indarrez gibelera botaz gozatzen dut gehien. Izaeraz nahiko lasaia naiz, eta igual horrek ere zerikusia izanen du, aitzinean jokatzen dutenak, normalean, jenio biziagokoak izaten direla pentsatzen baitut.
Nolako entrenamenduak egiten dituzu?
Astean bi aldiz joaten naiz entrenatzera, Doneztebeko Ezkurra frontoira: astelehenetan eta asteazkenetan. Iturengo Ugaitz Elizalde entrenatzailearekin aritzen naiz.
Zure zein ezaugarri nabarmenduko zenuke pilotan?
Ba ez dakit. Erraten didatenez, eskuinarekin pilota jotzeko modua...
Eta hobetzekotan zer?
Neure buruarekin konfiantza gehiago izatea gustatuko litzaidake.
Aisa moldatzen zara ikasketak, entrenamenduak eta partiduak bateratzeko?
Normalean, ongi antolatzen naiz, baina ikasketak zaildu ahala, pentsatzen dut dena uztartzea gero eta zailagoa izanen dela.
Nola ikusten dituzu emakumezkoak pilota munduan?
Geroz eta maila handiagoa dago, emakumezkoak gehiago zaintzen eta prestatzen garelako. Aipatzekoa da arlo horretan telebistak eta sare sozialek egiten duten lana. Nahiz eta jendeak oraindik ez duen frontoira emakumezkoen pilota partiduak ikustera joateko hainbertzeko ohiturarik, nabaritzen da telebistak duen publikoa geroz eta handiagoa dela. Geroz eta jende gehiago da emakumezkoen partiduak telebistatik ikusten dituena eta pixkanaka-pixkanaka aitzinera goazela iruditzen zait, nahiz eta oraindik lan aunitz dagoen egiteko.
«Posible dudan bitartean, pilotan disfrutatzen segitu nahi nuke»
Etorkizunean, pilota jokatzen eta ikasten segitzea gustatuko litzaizuke?
Posible dudan bitartean, pilotan disfrutatzen segitu nahi nuke. Etorkizunean, albaitaritzako ikasketak egiteko asmoa dut eta pilotarekin uztartzea izanen litzateke helburua.
Hemezortzi garaipen palmaresean

Palmares ederra osatu du denbora ttikian Nahia Bertizek. Banaka, lau eta erdian, binaka... Malerrekako Pilota Txapelketa hiru aldiz irabazi du (2020, 2022, 2023), eta horietaz gainera, zerrenda luzea du: Bortzirietako txapelketa (2022), Zizurko Lau eta Erdiko Txapelketa (2023), Uharteko Lau eta Erdiko Txapelketa (2023), Getariako Salbatore Txapelketa (2024), Nafarroako binakakoa (2021, 2024), Ados Pilotaren promozio mailako txapelketa (2024, 2025), Master Cup Hiru Hiriburuak txapelketa (2023), Master Cupen promozio mailakoa binaka (2025), Espainiako txapelketa infantilen mailan (2022, 2023), Espainiako txapelketa kadeteen maila (2024), Espainiako txapelketa 22 urtez azpikoetan (2024) eta Espainiako txapelketa gazteen mailan (2025).
Labur-labur
|