Urtetako ibilbidea du Arkupeak Elkartearen gimnasia egunak. Felipe Ganboa buru zutela, elkartearen sortzaile izan zirenen helburuetako bat jubilatuek beraien minak atzendu eta beraien adinera egokitutako kirola egitea izan zen. Hala, herriz herri ibili ziren jendea animatuz, eta 1991tik aurrera hemeretzi herritan paratu zituzten martxan yoga klaseak. Horren ondotik, jarduera ezagutarazteko erakustaldiak egiten hasi ziren eta 1995ean egin zuten lehenbizikoa: 300 gimnasta bildu ziren Iruñeko Anaitasuna eraikinean egindako erakustaldian.
Hitzorduari segida ematea erabaki zuten eta hala egin dute geroztik, hasieran Iruñean, eta ondotik, Beran, Elizondon eta Donezteben. Baina parte hartzaileen kopuruak behera egin du. Monitore baten arabera, beherakada hori «hein handi batean, hasi zirenak adinean aurrera egin dutelako eta gazteago diren bazkide berriak bestelako jarduerak nahiago dituztelako gertatu da, hala nola, igeriketa, mendi irteerak, pilates, aquagym, tai ji...».
Gaurko hitzorduan, berriz, lau talde bildu dira Doneztebeko kiroldegian: Maite Sanz eta Ana Tovar monitoreen Doneztebeko bi taldeak, Saioa Irazuren Berako taldea eta Patxi Txokarroren Baztango beste bat. Maria Larretxeak egin ditu aurkezpenak eta Joxeangel arduratu da erakustaldia egin dutenei pistarako bidea alaitzeaz.
Erakustaldiaren ondotik, elkarteko 142 bazkide bildu dira mahaiaren bueltan bazkaltzeko, eta arratsaldean, Los Tajudos del Norte taldearekin mariatxiez gozatzeko aukera izanen dute.