Beintza-Labaienek XII. Malerrekako Eguna hartuko du larunbat honetan

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 28a, 12:00

Joan den urtean Saldiasen egin zuten Malerrekako Eguna.

Beintza-Labaiengo Udalak 80 urtetik gorako 21 herritar omenduko ditu. Gainerakoan, egun osoko ospakizuna prestatu dute, goizean Beintzan eta arratsaldean Labaienen. Doneztebe eta Beintza-Labaien artean autobus zerbitzua antolatu dute, eta joan-etorriak debalde izanen dira.

Hasi baziren hasi, bere bidea egiten ari da Malerrekako Eguna, eta aurten Beintza-Labaienek hartuko du lekukoa. Horren bueltan, egun osoko egitaraua antolatu du Malerrekako Mankomunitateak maiatzaren 31n. 

Goizean Beintzan

08:00etan Malerrekako gazteek mendi martxa eginen dute Urroztik Beintzara eta 10:30ean harrera ekitaldia eginen dute Beintzako plazan. Herrietako ordezkariak izanen dira egunari hasiera emanen diotenak eta Beintza-Labaiengo Udalak 80 urtetik gorako 21 herritar omenduko ditu: Mª Luisa Albiasu Etxeberria, Juan Jose  Albistur Aldaia, Pedro Aldaia Etxeberria, Mª Delfina Amondarain Elizondo, Mª Carmen Ariztegi Urroz, Pedro Miguel Baleztena Albistur, Mª Presentacion Etxegia Lasarte, Jesus Etxeberria Etxeberria, Ana Mª Etxeberria Erasun, Mª Concepcion EtxeberriaErasun, Mª Jesus Erasun Juanena, Vicente Erasun Mitxeo, Mª Carmen Etxeberria Etxeberria, Isabel Fernandez Cureses, Candida Goñi Albistur, Mª  Rosa Goñi Albistur, Mª Soledad Juanena Elizondo, Juana Juanenea Lasarte, Pedro Lekaroz Santesteban, Santos Telletxea Telletxea eta Sebastian Carlos Zubieta Garmendia. Horrez gain, Malerrekako musikariak herrian barna ibiliko dira. 

11:00etatik 14:00etara artisauak eta talogileak Beintzako plazan izanen dira eta toki berean, 11:00etatik 12:00etara, dantzarien saioa izanen da. Segidan, buruhandiak aterako dira eta aldi berean, herri kirol saioa hasiko da: aizkoran, alde batetik, Jexux Etxeberria-Jacinto Etxekonanea eta Mikel Indakotxea-Mikel Santesteban ariko dira, eta bertzetik, Nerea-Sorondo-Maika Ariztegi eta Xanta Sousa-Beatriz Tanko. Harri altxatzen, berriz, Estefania Etxebeste eta Josetxo Urrutia ariko dira. Bazkal aitzineko ekitaldiak akitzeko, 13:30etik aitzinera joaldunak ibiliko dira.

Arratsaldean Labaienen

14:00etan mahaiaren bueltan bilduko dira Labaiengo plazan eta paella jatea eginen dute. 16:00etatik 19:00etara herriz herri egin diren kanporaketetatik sailkatutakoek Malerrekako Mus Txapelketaren finala jokatuko dute Labaiengo Herriko Ostatuan. 16:30etik 17:30era, batukada doinuak nagusituko dira eta musika kontuekin segituz, J&J DJak ariko dira 17:30etik 20:00etara plazan. Ordu berean txokolatea banatuko dute eta umeendako jolasak eta tailerrak izanen dira plazan, baita buruhandiak ere. 

20:30ean zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute, eta horretaz gain, lekukoa pasatzeko ekitaldia. 21:00etan afaria eginez borobilduko dute Malerrekako Egunaren hamabigarren edizioa. 

Autobus zerbitzua debalde 

Doneztebe eta Beintza-Labaien artean autobus zerbitzua antolatu dute, debalde. Doneztebetik Beintzara joanen diren autobusak Doneztebeko geltokitik aterako dira: 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 15:30ean. Bueltako autobusak Labaiendik aterako dira, 14:30ean, 18:00etan, 20:30ean eta 22:00etan. Autobusek Oizko eta Urrozko herri sarreretan geldialdiak eginen dituzte. 

Lehen itzulia azken txanpan 

2012an Zubietak hartu zuen Malerrekako Egunaren erronka, eta geroztik, batetik bertzera ibili da lekukoa: 2013an Eratsunen egin zuten, 2014an Donezteben, 2015ean Elgorriagan, 2016an Iturenen, 2017an Urrozen, 2018an Sunbillan, 2019an Ezkurran, 2022an Donamarian, 2023an Oizen eta iaz Saldiasen. Aurtengoa Beintza-Labaienen eginda, heldu den urtean Bertizaranan egiteko asmoa dute. Hala borobilduko dute herriz herriko lehenbiziko buelta.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun