Apirileko azken aste hondarrean Zizur Nagusian jokatutako final four gogoangarrian Nafarroako eskubaloi liga irabazi zuten Errekako gizonezkoek. Titulu horrek, espainiar estatu mailako lehen mailara igotzeko fasea jokatzeko eskubidea eman dio. Maiatzaren 23tik 25era jokatuko dute Katalunian, zehazki Gironako Banyoles hirian.
Arerioak zein izanen dituen ere badaki Nafarroako ligan lehena izan den Erreka eskubaloi taldeak: UPV El Pilar Marista (Valentziako lehen sailkatua), ortziralean 18:00etan; etxeko Handbol Banyoles taldea (Kataluniako bigarren sailkatua), larunbatean 18:30ean eta Sano Antequera BM Torcal taldea (Andaluziako bigarren sailkatua), igandean 10:00etan.