Leloa aldatuta egin zuten atzoko elkarretaratzea Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Guttieneko pentsioa = guttieneko soldata da orain leloa, bai Baztan-Bidasoaldean, baita Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako gainerako elkarretaratzeetan ere.
Horren harira, pentsiorik apalenak guttieneko soldatarekin parekatu daitezela eskatzeko Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Eusko Legebiltzarrean erregistratu duen herri ekinaldi legegilea hartu zuten hizpide atzo eta 145.142 sinadura aurkeztu dituztela oroitarazi zuten. Horrez gain, bertze herri ekimen legegile baterako sinadurak biltzen ari direla ere kontatu zuten, «Hego Euskal Herri osoan, guttieneko soldata propioaren alde». Gehiengo sindikalaren ekimenaren bat eginez, «Baztan-Bidasoko pentsiodunok ere hasi dugu sinadura bilketa».
Osasun arretaz ere aritu ziren atzoko agerraldian, «Elizondoko Osasun Etxeko mediku-erizainen postuak modu egokian betetzetik urrun gelditzen direla» salatuz. Eta hala, ekainaren 4an Baztango Osasun Plataformak deituta, Elizondon egitekoa den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin zuten.
Aroztegikoei babesa
Aste honetan Aroztegiko zazpi auzipetuen kontra egiten ari diren epaiketa ere ekarri zuten gogora, «Arozteguia enpresaren oldarraldia eta mendekuz beteriko jarrera» kritikatuz. Epaiketa «urraketaz beteriko bidean bertze katebegi bat» dela adierazi zuten, eta «kasu honetan erasoak salto bat» egin duela gaineratu zuten: «lurra defendatzeagatik kriminal izatea leporatu» dietelako. Nafarroako Gobernuari gai honetan «ardura zuzena» izatea leporatu zioten, eta «UPNk, Geroa Baik eta PSNk izan duten ardura eta konplizitate zuzena» kritikatu zuten. Hortaz, «baztandarron elkarbizitza, Baztango instituzioak eta Baztango jendea errespetatzeko» exijitu zuten.
Pentsiodunen mugimenduak Aroztegiko Elkartasun Komiteak antolatutako ekitaldiekin bat egin du: «Aste honetan zazpi auzipetuen kontrako epaiketaren harira, egunero elkarretaratzeak izanen dira Iruñeko epaitegiaren aitzinean, eta pentsiodunok ortzegunean, maiatzaren 22an, dugu txanda betetzeko ardura, 09:00etatik aitzinera».
Palestina eta Pepe Mujika
Nazioarteko gatazkak ere hartu zituzten hizpide, eta Palestinakoa bakarra ez den arren, Palestinako egoerak «humanitateak jasan dezakeen marra guziak urratzen dituela» gaitzetsi zuten, «kriminalek diseinatutako genozidioa» dela erranez. Palestina askatzeko eskatu zuten, eta horrekin batera, «jende guziaren bizi duinaren aldeko» aldarria egin.
Jose 'Pepe' Mujika gerrillari ohi eta Uruguaiko presidente izandakoa hil da berriki Montevideon, eta hura ere gogoan izan zuten; «erreferente bat» dela adieraziz.
Ekaineko eta beraz, ikasturte honetako azken elkarretaratzea, Lesakan eginen dute Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek. Ekainaren 16an izanen da, eta ikasturteko azkena izaki, mokadu bat jateko aukera ere izanen da.