46 lagunek parte hartu zuten larunbatean Elgorriagan egin zuten Mendaurko apustua izeneko lasterketan. Elgorriagatik 09:30ean abiatu eta Mendaurrera bitarteko bortz kilometroak egin behar izan zituzten eta gizonezkoetan, bizkorrena, Mikel Alzuri Apezetxea izan zen. 46 minutu eta 23 segundo behar izan zituen. Handik 19 segundotara ailegatu zen bigarrena: Unai Barazabal (46.42). Julen Loiarte Mitxelenak osatu zuen podiuma, 46.56ko denbora eginda.
Emakumezkoetan Alaitz Olano Sotil helmugaratu zen lehenbiziko. Ordu bat, 9 minutu eta 30 segundo behar izan zituen, bigarren gelditu zen Katixa Arrieta Flores baino bi minutu eskas guttiago (01.11:12). Hirugarren tokian, Paula Urrutia Goienetxe ailegatu zen (01.18.45).
Lasterketaren ondotik, palestinarrak izan zituzten gogoan. Maiatzaren 15ean palestinarrek 1948ko beren exodoa eta Israelgo Estatuaren sorrera ekartzen dute gogora Nakba egunean, eta 77. urtemuga zela eta, Palestinako herriari eta erresistentziari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin zuten, antolatzaileek adierazi dutenez, «Israelekin harremanak eteteko eta boikota egitearen aldeko aldarria zabalduz».
Mahaiaren bueltan bildu ziren ondotik, herriko talde batek egindako bazkariaz gozatzerako. Antolatzaileak kontent gelditu dira erantzunarekin, eta eguna «giro ederrean» joan zela gaineratu dute. Bidenabar, eskerrak eman nahi izan dizkiete «lasterketaren aitzinetik eta lasterketaren egunean laguntzen ibili ziren herritar guziei».
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!