BITTORI ELIZALDE SOTO

«Bertsoak amildegi ertzean jartzen nau une oro»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 18a, 10:00

Bittori ELIZALDE SOTO, Zubietako bertsolaria eta dantzaria

Zubietarra eta iruindarra. Bietakoa sentitzen da Bittori Elizalde Soto. Iruñean sortu zen duela 22 urte, eta jaiotzetik bertan bizi da. Hala ere, astebururo eta udaro joaten da Zubietara, eta maitasun berezia dio herriari:«Konturatu naiz Zubieta ez dela aitaren jaioterria bakarrik, bertakoa ere sentitzen naizela».

Harreman berezia sortu du herriarekin: «Deskonexio, babesgune eta toki kuttun bihurtu da Zubieta niretzako». Horregatik, bereziki eskertua dago aitari, herriarekiko maitasuna transmititu izanagatik. 

«Neska langile eta alai» gisa deskribatu du bere burua Elizaldek. «Izugarri maite dut jendearekin egotea eta solasaldiak partekatzea. Txikitatik ikasteko eta ingurua deskubritzeko interes handia izan dut, eta gaur egun ere nire baitan dago hori». Jakin-min horri segika, irakasletza ikasketak egin ditu. «Hezkuntzari buelta bat emateko gogoarekin sartu nintzen gradura eta praktikak bukatuta argi dut ongi asmatu nuela ikasketak aukeratzen». Berriki praktikaldiak osatu ditu Iruñean eta Doneztebeko eskolan, eta «izugarri gustura» aritu da bietan. 

Doneztebekoa osatu bitartean Zubieta izan du bizileku, eta hasieran Iruñeko errutinarekin hausteak beldur pixka bat ematen zion arren, azkar egokitu da Zubietara: «Egunero mendira joaten nintzen naturaz gozatzera eta deskonexio modu bat izan da, osasuntsua eta mentalki oso ongi etorri zaidana».

Zubietarra izaki, aski barrenean du joaldun izateko sentimendua. Aita eta osabak txikitatik izan dira joaldun, eta bertatik edan dute ondorengoek ere. Haurra zela, errege bezpera egunean paratu zituen lehenengoz joareak soinean, eta geroztik ez ditu kendu. Are gehiago, «ilusio eta poz handia sortzen dit joareak jantzi eta jotzen ditudan bakoitzean. Harrotasunez bizi dut nire eskuetaraino iritsi izana eta opari bezala hartzen dut».

Bertsoa pasio

Dantza eta bertsoa biak ditu afizio Elizaldek. Familiatik datorkio bertsozaletasuna. «Atautxi zenari izugarri gustatzen omen zitzaion bertsoa eta errimatzen ere ibili ohi zen». Kanturako afizio handia dute familian eta elkartu aldiro bukatzen dute kantari. «Amak ere erru dezente dauka, irakaslea da eta txikitatik asko abestu izan digu». Lehen Hezkuntzako 5. mailan Iker Gorosterrazurekin hasi zen bertsotan eskolan eta bertso eskolara apuntatu zen. Gerora, Saioa Alkaizarekin hasieran eta Josu Sanjurjorekin gero ibili da bertso eskolan. 

«Argi dut ongi asmatu nuela ikasketak aukeratzen»

Gaur egun bertsotan segitzen du. «Zoritxarrez ez dago gazteontzat bertso eskolarik, eta hor hutsune bat dago. Norberak bere bertsokideak bilatu behar ditu eta ahal bezala bertsotan egin», dio. Iruñean Sarai Roblesekin eta Josu Sanjurjorekin elkartu ohi da, eta Zubietan dagoenean Iker eta Egoitz Gorosterrazurekin, Alazne Untxalorekin, Amaia Elizagoienekin, Irati Agestarekin eta Malen Altzuartekin. «Oso talde polita da eta oso eroso sentitzen naiz haiekin kantuan», dio. «Azken finean, bertso eskolan jarraitzearen arrazoi nagusiena bertsoa maitatzez gain, bertsokideekin duzun konplizitatea da, eta hortaz, hemen izugarri ongi nago».

Bigarrenez hartuko du parte Nafarroako Bertsolari Txapelketan, eta gogotsu zein urduri dago. Oholtzara igo eta gustura sentitzen du helburua, «nire buruarekin pozik gelditzea». Plazan ere aritzen da kantari, baina oraindik saio mota bakoitza deskubritzen ari da: «Bertsokideen arabera zure kantatzeko modua desberdina da eta konplizitatea eta erosotasuna aurkitzea izugarria da buruari askatasuna emateko». 

Jaiotzetik dantzari

Dantza du bertze afizio nagusia Elizaldek, eta ttikitatik datorkio afizioa, «musika, kantua eta dantza txikitatik gogo biziz egin ditut eta dantzaria jaio nintzenetik naizela erranen nuke». Zazpi urte zituela hasi zen Duguna Dantza Taldean eta geroztik bertan ari da. «Astean hirutan elkartzen gara bi orduz, eta dantzakideak lagunak izateaz gain, familiakoak ere badira». 

Bai bertsoak eta bai dantzak, biek «adrenalina berezi» bat ematen diote. «Bertsoak amildegi ertzean jartzen nau, segundo bakoitzak sekulako garrantzia izanen balu bezala, eta bertsoa bukatzean eta publikoaren txaloak entzutean adrenalina sentitzen dut gorputzean eta kantari segitu nahi dut». Dantzatzean bertzelako adrenalina sentitzen du, «bizi-bizi banengo bezala. Gorputzeko mugimenduekin batera askatzen den tentsioa da, unean uneko gozamena ematen dizuna». 

Gaur egun pozik da egiten duenarekin, eta etorkizunean orain bezala segi nahiko luke: dantzan, bertsotan, irakasle eta Iruñea eta Zubieta artean. «Gustatzen zaizuna egitea eta maite duzunekin partekatzea bezalakorik ez dago, eta horixe nahiko nuke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!