1918an hasitako bidea, 2025eko uztailaren 31n akituko da. Doneztebeko Ibarrola dendak orduan itxiko ditu ateak. Azken lan eguna izanen da Maite Ibarrola Manterolarentzat. Botoi eta hari artean jaio eta hazia, hasitako toki berean akituko du bere lan ibilbidea: ehun urteko historiaren lekuko izan den mostradorearen gibelean.
Denda historikoa da Ibarrola. Kontatuko diguzu bere historia?
Migel Ibarrolak eta Angeles Garciak, nire aitatxik eta amatxik, ireki zuten denda 1918an. Lokala gaur egungo dendaren pareko etxean zegoen. Alokairuan egon ziren bertan, Korkollenea erosi eta 1930 urtearen bueltan lekuz aldatu ziren arte. Bitxiak eta kinkilla saltzeko lizentziarekin hasi ziren lanean, baina etxean dugun argazki batean mertzeria eta paketeria hitzak ere ageri dira kartelean. Gerora, nire izeba Visi Ibarrolak hartu zuen dendaren ardura eta nire gurasoak ezkondu zirelarik, nire ama Eulalia Manterola ere bertan hasi zen lanean. Beraiek eraman zuten negozioa, izebak erretiroa hartu eta nik bere tokia hartu nuen arte. 1985ean gelditu nintzen dendan bakarrik eta 40 urte pasa dira dagoeneko.
Haurra zinenean nolakoa zen denda?
Denetarik saltzen zuten: maindireak, mantak, arropa… eta nire ama sastreriako jostuna ere bazenez, berak josten zituen galtzak eta atorrak ere bai. Dena den, denda izatetik haratago, herritarrentzat biltzeko toki bat zela nabarmenduko nuke. Gogoan dut dendaren izkina batean txoko bat prestatua zegoela berogailu eta mahaitxo batekin, eguraldi txarra zen egunetan etxekoandreak etortzen ziren eta hantxe egoten ziren lasai jarrita. Eguraldi ona egiten zuenean, berriz, dendaren kanpoko aldean dagoen bankuan esertzen ziren.
Saltzeko modua ere bertze bat zen?
Eroslearen eta saltzailaren arteko harremana oso estua zen. Emakumeak etortzen ziren, behar zutena hartu, guk apuntatu eta hilabete bukaeran, kobratzen zutenean, ordaintzen zituzten zorrak. Konfiantza horretan oinarritzen zen merkataritza. Zerbait erosi edo saltzeko modu bakarra zen hori. Pentsa, inguru honetan gizonezko aunitz kanpoan mendian aritzen ziren lanean eta urtean bitan etortzen ziren etxera. Orduan egiten ziren kontuak. Santa Luzia eguna izaten zen egun horietako bat eta horregatik zen horren garrantzitsua Donezteben. Lan egiteko bertze modu bat zen. Lau katu bizi ginen herrian eta denok elkar ezagutzen genuen.
Produktu aldetik ere aukera ez zen hain handia izanen?
Garai batean ez ziren urtaroak bereizten. Txaketa beltza, urdin iluna eta grisa, galtzontzilo mota bat, galtzerdi urdin ilun edo grisak eta haragi koloreko galtzerdiak saltzen ziren. Urte osoan berdina saltzen zen. Ez zen aukera gehiagorik izaten. Moda ere ez zen aldatzen eta erositakoak orain baino gehiago iraun behar zuen.
Pixkanaka egoera aldatzen joan zen.
Komertzialekin lan egiten hasi ziren eta aldaketa nabarmenena, produktu aukera zabaldu zenean gertatu zen. Markak etortzen hasi ziren eta urtaroak bereizi ziren. Alde batetik, udaberri-udako generoa ekartzen zen eta bestetik, negukoa. Orain bezala, hurrengo denboraldiko produktuak aldez aurretik erosi behar izaten ziren. Ezin zenituen ordura arte bezala kolore urdin iluneko 15 dozena galtzerdi ekarri. Industriak indarra hartu zuen garai hartan herrian, Gabardinas Huracán enpresan inguruko emakume aunitzek lan egiten zuten eta horrek aberastasun handia ekarri zion herriari. Banketxeek ere oso ongi funtzionatzen zuten eta jendeak ez zuen kobratu arte esperoan egon behar dirua eskura izateko. Erosteko eta saltzeko modua aldatu zen orduan.
Baina ez zarete beti ezti-mamitan egon.
Gizartean egon diren aldaketek, krisialdiek, zuzenean izan dute gurean ere eragina. Urte hobeak eta txarragoak izan ditugu. Azken urteak gogorrak izan dira eta negozioari eustea izan da helburua. Komertziante txikiok gure egin dugun leloa da: ahal duena salba dadila. Internet, online salmenta… erosteko modua aldatu da eta nik uste bezeroarekin harremantzeko modua ere aldatu dela. Garai batean, bezeroak leialak ziren: familia bereko amatxi, ama, alaba eta bilobekin lan egin dut nik. Batzuk oraindik segitzen dute etortzen, baina aukera zabalagoa dute eskura eta erosteko modua asko aldatu da.
«Azken urteetan komertzio txikien erronka bizirautea da»
Zer eskaini duzue zuek?
Saiatu naiz hurbileko harreman horri eusten. Gurera datozenak, Pepita, Miren eta Ane dira, izenez ezagutzen ditugu eta hori dugu gure alde. Batzuetan, kontra ere bai. Garai batean denda batera sartu eta ezer erosi gabe ateratzea pentsaezina zen. Herri txikietan kosta zen jendea sartu, ikusi, probatu eta deus erosi gabe atera zitekeela onartzea. Bezeroei aunitzetan erran diet nik: eraman ezazu etxera, lasai probatu eta ekarriko didazu. Hiri bateko komertzio batek eskaintzen duen produktu aukera zabala eta herriko denda baten hurbiltasuna, biak eskaintzen saiatu naiz.
Zein da denda batean lan egitearen alderik politena?
Jendearekin izan dudan harremana, dudarik gabe. Nik uste, batez ere, horren hutsa sumatuko dudala. Denda likidazioan jarria dut eta genero aunitzik ez daukat. Baina ikusten dut jendea ez dela erostera sartzen, ni agurtzera sartzen da eta horrek erranahi berezia du niretzat. Horixe da dendari bati gerta dakiokeen gauzarik politena.
«Saiatu naiz hurbileko harreman horri eusten»
Eta alderdirik zailena?
Uste dut gizarte bezala baloreak galtzen ari direla. Gutxi dira, baina badira oraindik ere bezeroak beti arrazoia duela uste dutenak. Mostradorearen bertze aldean dagoenari denetarik errateko eskubidea dutela uste dutenak. Bezeroak arrazoia izan dezake, baina errespetuz ari bada. Orain tratua hain pertsonala ez denez, gizatasuna bidean galtzen da. Ez da maiz gertatzen, baina gertatzen denean, zer pentsa ematen dizu.
Komertzio txiki asko dira erreleboa falta eta ixten ari direnak.
Errelebo falta horren gibelean, lehen aipatu ditudan ohitura aldaketa horiek daudela uste dut. 20 eta 40 urte artekoek ez dituzte dendak behar. Dendetara joateko ohitura 60 urtetik gorakoek dugu eta urteak bete ahala, beharrak ere gutxitzen doaz. Dendak behar ez badituzte, nola eginen dira denda baten kargu? Gizartean dauden beharrak zeintzuk diren ikusi beharko da eta behar ez badira, agian, ez da dendak irekita mantentzeko ahalegina egin behar. Ezin duzu gauza bat mantendu nostalgiagatik bakarrik; beti hor egon direlako. Beharrak zeintzuk diren ikusi beharko da. Mertzeriak etorkizunean irekita mantentzea ia-ia zientzia fikzioa dela uste dut. Mertzeria komertzio oso espezializatua da. Josten duen jendea adinekoa da, ofizioak desagertzen ari dira eta lau botoi eta bi hari salduta ezin da negozio bat mantendu.
Komertzioko lana oso lotua dela ere erran da aunitzetan.
Ni haurra nintzenean, astelehenetik igandera egoten zen denda irekita. Nire ama goizeko zazpi eta erdietan joaten zen mezara eta handik bueltan irekitzen zuen denda. Gu han ibiltzen ginen bere inguruan. Niretzat bizitza aldatu zen igandean ixtea erabaki zutenean. Pandemia iritsi arte, nik larunbat arratsaldetan ere irekita izaten nuen denda. Lan lotua da bai, baina komertzioan ere ez dugu 24 orduz, asteko zazpi egunetan lanean egon behar. Ordutegiak ditugu eta guretzat tarteak ere har ditzakegu. Niretzat, agian, gogorragoa da ekoizpen kate batean zortzi orduz jarraian lanean aritzea.
Uztailaren 31n izanen duzu azken lan eguna. Zer sentitzen duzu?
Sentsazio arraroa da. Apalak pixkanaka hutsik gelditzen ari direla ikusteak barrenak mugitzen dizkit, baina ezin dut erran pena ematen didanik, ez delako hala. Bizitza osoa daramat mostradore honen gibelean eta bete egiten nau ikusteak denda itxiko dudala nire lan ibilbidea bukatu delako. Ez dela izan negozioak funtzionatzen ez zuelako edo ni lanerako gai ez nintzelako. Etapa baten bukaera heldu da: denda irekita egon da, egon behar zuen denbora. Erakusleihoetan zer jarri erabakitzen ari gara etxeko guztion artean, baina argi dut paperez ez ditudala estaliko. Kartela eta argiak ere ez ditut kenduko, erabateko iluntasunik ez dudalako nahi. Nire jaiotetxea eta hainbeste urtez lantoki izan den tokia ikusi eta zerbait polita ikusten segi nahi dut oraindik.