Errekako gizonezkoen eskubaloi taldeak Usurbilen kontra lagunarteko partida jokatuko du ortziralean

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 15a, 12:30

Igoera faseari begira, lagunarteko partida jokatuko du Errekak ortziralean, Euskadiko txapeldun izan den Usurbilen kontra.

Erreka eta Usurbil edo, gauza bera dena, gizonezkoen Nafarroako eskubaloi ligako eta Euskadiko ligako txapelduna aurrez aurre izanen dira maiatzaren 16an, ortziralean 20:30ean hasita Doneztebeko kiroldegian. Lagunarteko partida baliagarria izanen da maiatzaren 23tik 25era Errekak Katalunian jokatuko duen lehen mailarako igoera fasea prestatzeko eta sasoi puntua ez galtzeko.

Banyolesen jokatuko den Igoera fase horri begira mugimendu handiarekin dabiltza Erreka elkartean: autobusak eta hotelak lotzen, eta abar… Izan ere, dagoeneko 60 lagun baino gehiago joanen direla badakite.

Bertze aldetik, asteburu honetan eskubaloiaren besta izanen da Zizurren eta infantil mailako bi taldeak, neskak eta mutikoak, bertan izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun