Museoen Nazioarteko Egunaren harira zenbait jarduera izanen dira maiatzaren 16an eta 17an Zubietako errotan. Maiatzaren 16an, ostiralean 17:00etatik 21:00etara arto irinarekin egindako ogi tailerra izanen dute, Edorta Salvadorren eskutik. 948 63 30 28 telefonoan eman daiteke izena (leku mugatua).
Maiatzaren 17an, larunbatean 11:00etan, errotara bisita eta herriko haurrentzat talo tailerra eginen dute. Arto Gorria Elkartearen eskutik, Bertako artoak zer balio du? solasaldia eskainiko dute Estefan Mitxelena Ezpeletako laborariak eta Senpereko Akerreta errotako Joanes Etxeberrik, larunbatean 18:00etan estalpean.
Ordutegi berria Zubietako errotan
Gaur egun Jasone Mitxeltorena etxalartarrak kudeatzen duen Zubietako errotak ordutegi berria dauka. Asteazkenetik igandera, 08:10etik 15:30era irekiko ditu ateak eta tarte horretan artoa ehotzeko, irina erosteko eta errotaren bertze zereginetarako aukera izanen da. Bisita ordutegia, berriz, 11:00etatik 14:00etara izanen da. Hori bai, gogoan izan behar da hilabeteko lehen eta hirugarren asteburuetan itxita egonen dela. Erreserbak egiteko telefonoak 948 45 19 26 eta 624 40 66 07 dira.