Doneztebeko Udaberriko feria hamaseigarren aldiz ospatu zen ortziralean, maiatzaren 9an, Doneztebeko Udalak, Nafarroako Gobernuaren eta Cederna Garalur elkartearen laguntzaz antolatua. Hogeita hiru ahari aurkeztu zituzten lehiaketara, iaz baino sei gehiago.
Goizeko hamaiketatik eguerdiko ordu batetara hamaseigarren ahari lehiaketa egin zen Merkatu Plazan. Lehiaketa honetan, Malerrekako latxa arrazako ahariek parte hartzen ahal dute eta aurten hogeita hiru aurkeztu ziren lehiaketara. Lehiaketa ahari mutur gorri eta mutur beltzendako irekia bada ere, zenbait edizioetan gorriak bakarrik agertu dira. Aurten, berriz, lau ahari muturbeltz eder aurkeztu zituzten. Horien artean, iaz bezala, Donamariako Zabalteneko Joxe Mari Indak aurkeztutakoarentzat izan zen 120 euroko lehen saria, 70 euroko bigarren saria Donamariako Porotxeneko Jose Miguel Lasagaren ahariarendako izan zen eta hirugarren saria ere, 50 euro, Zabaltenera joan zen.
Mutur gorrien atalean hemeretzi buru aurkeztu ziren eta diru-kopuru bera izan zuten saritzat hiru lehenbizikoek. Lehenbiziko saria Ezkurrako Etxeneko Jose Luis Mariezkurrenak aurkeztutako ahariarentzat izan zen eta bigarren eta hirugarren sariak Doneztebeko Koro Antxorenarenak eskuratu zituen. Juan Ramon Ostiz albaitariak eta eta Patxiku Mitxelena zubietarrak osatu zuten epaimahaia. Urteetan epaimahaikide izan zen Alfredo Basterra albaitari hil berria gogoan izan zuen Arantxa Arregi Doneztebeko alkateak eta berarendako txaloak izan ziren.
Bertze aziendak eta eskulangileak
Ahariez gain, lehiaketaz kanpo, behiak eta behorrak ere aurkeztu zituzten plazara. Eskulangileen postuek ere ez zuten hutsik egin: Doneztebeko Olaizola aita-semeen heraldika lanak, Lourdes Goñiren erroskilak eta gozoak, Zubietako taloak, Oinlur erreflexologia, Sorginloreren bitxiak, Ana Urteagaren zur lanak, Santos Berasainen eskulanak, Jirilizen laminak, Bymarnaturako Marimar Torresen ukenduak, Leitzako Paul Erdoziaren bitxiak edo NomaRaoren edo Lesakako Haizea Irigoienen kosmetika naturala, bertzeak bertze.