Zeliakia

«Mila aldiz aditu dut pixka batek ez didala kalterik eginen eta ez da egia»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 11a, 11:00

Janire Oiartzabal Telletxea I Oiz

Hilabete batzuk baino ez zituen Janire Oiartzabal Telletxeak zeliakoa zela diagnostikatu ziotenean. Etxekoek kontatuta daki «beti haserre eta narritagarri» egoten zela: «Arrunt ttikia nintzen mina nuela errateko, eta horrela ibiltzen nintzen probak egin zizkidaten arte». Diagnostikoa «gurasoendako berria» izan omen zen, «ez zituzten kasu aunitz ezagutzen». Baina glutena kenduta hobera egin zuela ikusi zuten eta «gehien sumatu zutena umore aldaketa izan zen, lehenago bezala, alaia izatera pasatu nintzen».

Ttikitatik barneratu du dieta egitearen garrantzia: «Ez zait behin ere gogorra egin, ohiturak dira eta ez naiz deus diferenteaz oroitzen». Hori bai, gogoan du «ttikitan, lagunekin, beraiek gozoki guziak jaten zituztela eta nik ez, kalte egiten zidatelako». Baina «ttikitatik arrunt arduratsua izan naiz dieta kontuan, eta zerbait eskaintzen zidatenean ez nuen hartzen edo etxean galdetzen nuen. Gainera, ez zidan inbidiarik ematen».

«Produktu bakoitzeko ia doblea pagatzea ez zait justua iruditzen»

Gaur egun, behar dituen produktuak eskuratzeko ez omen du arazorik, «gero eta produktu gehiago dira». Hala ere, etiketei kasu egin behar, eta «gero eta gehiago»: «Bizi guzian normal jan ditudan irinik gabeko oinarrizko produktuak gero eta prozesatuagoak dira eta glutena izaten ahal dutela aipatzen dute gero eta gehiagok. Hortaz, beti etiketei begira ibili behar dugu». Prezioak ere hartu ditu hizpide: «Nik ez dut dieta egitea aukeratu, eta produktu bakoitzeko ia doblea pagatzea ez zait justua iruditzen. Kontsumitzaile guttiago garenez, prezioa altuagoa izatea entenditzen dut, baina batzuetan pasatzen dira». 

Bere ama Nafarroako Zeliakoen Elkarteko kidea dela ere kontatu du, eta «urtero ematen duten liburuxka ongi etortzen zaigu. Gaur egun, Interneten informazioa bilatzen ahal duzu, baina garai batean hori zen biderik hoberena». Gainerakoan, orokorrean gaiaren inguruko «informazio falta handia» sumatzen du, «baina gero eta guttiago. Jendeak dieten inguruko interes gehiago du, baina bertze helburuetarako». Eta informazio falta aipatuta, ostalaritzan ari direnek «informazio gehiago» beharko luketela dio: «Ez da tontakeria bat eta guretako kaltegarria izaten ahal da zerbitzariak edo sukaldariak gaiari buruz ez jakitea». Gehiago ere bai: «Mila aldiz aditu dut 'pixka bat hartzeagatik ez dizu kalterik egin behar' komentarioa, eta ez da egia. Denoi ez digu berdin eraginen, baina glutena jatea kaltegarria izaten ahal da etorkizunean, hertzeetako minbizia bezalako gaixotasunak edo ama izateko oztopoak sortzen ahal dituelako. Bakoitzak badaki zer duen, eta arduratsuak izan behar dugu». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun