Zeliakia

«Kalte egiten didana alde batera uztea ez zait zaila egiten»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 10a, 11:00

Izaskun Zubialde Grajirena I Zubieta

Diagnostikoa hartu aurretik, ezaguna zuen Izaskun Zubialde Grajirenak gaia, «etxean aurrekariak ditugulako. Iloba, ttiki-ttikitatik, zeliakoa da eta sintomekin hasi nintzenean ia seguru nintzen zer gertatzen zitzaidan». Eta hala izan zen: «Beti tripa hazia eta haizez beterik izaten nuen, izugarrizko soinuak izaten nituen. Duela lau urte izugarrizko beheitikoak izaten hasi nintzen, eta nire susmoa areagotu zen».

Bueltaka hasi, eta orduan jakinarazi zioten zeliakoa dela. Geroztik, glutena alde batera utzita egiten du egunerokoa eta onartu duenez, «segituan hobekuntza sumatu nuen». Gainera, «ez zait batere gogorra egiten. Askoz hobeki sentitzen naizenez, kalte egiten didana alde batera uztea ez da zaila». Etxean «askotan bi menu ezberdin» egin behar izaten dituztela kontatu du, baina gainerakoan «etxean eguneroko martxa ez da sobera aldatu». Zailena «etxetik kanpora jatea» izaten omen da: «Edozein tokitara joan behar badut, lehenagotik abisatzea gustatzen zait, badaezpada. Bestetan, etxetik kanpora bokata jatearena ahaztu behar izan dut, baina beti bada alternatibaren bat».

«Ezaguna da zeliakia baina kontzientzia falta da»

Produktu faltarik ere ez du nabaritu, «nahiko erraz aurkitzen dira behar diren produktuak eskualdean. Egia da eskaintza oso mugatua dela, baina dagoenera jartzea besterik ez zaigu gelditzen. Zerbait zehatza behar badugu eta eskualdean ez badago, kanpora joan beste aukerarik ez dugu». Gaineratu duenez, «ez naiz etiketen menpe ibiltzen. Beti produktu berdinak erosten ditut. Arrotza den zerbait tokatuz gero, orduan bai, etiketa begiratzen dut, eta duda baldin badut, ez dut erosten». Badira produktuak, baina «oso garestiak». Hori ere esan du. «Ilobari zeliakoa zela diagnostikatu ziotenean, anaiak erosketako karro arrunt baten eta zeliakoendako produktu berdinen karroaren prezioak konparatu zituen eta zeliakoena % 300 garestiagoa zela ondorioztatu zuen. Gaur egun, aldea ez da % 300era ailegatzen, baina garestiagoak dira». Hori dela eta, «prezioa parekatzea» nahi luke, eta horrekin batera, «produktuetan aniztasun eta aukera gehiago izatea» ere bai, «eskualdean batez ere». 

Gainerakoan, «jendeak zeliakia zer den badakien arren, kontzientzia falta da» bere hitzetan. Konparazio batera, «edozein jatetxetan abisatu eta bertara ailegatu ondotik, ogirik ez izatea, menuko bospasei plateretatik bakarra jan ahal izatea... Halakoak tokatu zaizkit, baina tira, askotan ez da jana garrantzitsuena, konpainia baizik!». Bidenabar, antzeko egoeran daudenendako aholkua: «Glutena utzita, bizi kalitatea asko hobetuko zaie. Beraz, normaltasunez hartu eta pozik bizi!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!