«Pisua galtzen eta galtzen» hasi zen Nekane Mutuberria Ibarra, eta hasieran «kontent» hartu omen zuen pisu galera. Baina agudo sumatu zituen bestelako sintomak: «Kaskezurrezko minez hasi nintzen, eta erizainarengana joatea erabaki nuen». Analisiak eginda «anemia handia» harrapatu zioten: «Analisiak egin eta normalean zazpi egunetara esaten dituzte emaitzak. Ba niri, goizean analisiak egin eta arratsaldean medikuek etxera deitu ziguten, ospitaleratu behar nuela esanez, odola sartzeko. Glutenak poliki-poliki anemia handia eragin zidan». Hala jakin zuen zeliakoa zela, 2001ean.
«Glutenak poliki-poliki anemia handia eragin zidan»
Glutenik gabeko bizira jarri behar izan zuen: «Janarekin kasu emanda, anemia altxatu zen, baina arrunt errekuperatu arte luze joan zen». Geroztik ez du anemiarekin arazorik izan, baina «urtero kontrolatzen» diotela kontatu du. Hortik aparte, «lehenbizian» dieta egitea «kosta» zitzaiola onartu du: «Arrunt gozozalea naiz eta irinarekin egiten diren postre guziak jan ezinik gelditu nintzen. Hori izan zen zailena. Etxean bizkotxo idorra egiten hasi ginen, baina ezin beti bizkotxoa jaten ibili eta nahikoa zela esan nuen». Gaur egun, ordea, «ongi» moldatzen da. Baita etxean ere: «Jateko batzuk etxekoendako egiten ditut, eta beste batzuk niretako, eta ez dugu ogi irinik izaten. Irina behar badugu, glutenik gabekoa erabiltzen dugu, arto irina».
Diagnostikoa hartu eta segidan jo zuen Nafarroako Zeliakoen Elkarteko atea eta bidelagun izan dituela dio: «Hasiera hartan ez genekien nola funtzionatu etxean, nire jatekoa besteenarekin ez kutsatzeko, eta alde horretatik, asko lagundu ziguten». Eta zeliako direla jakin berri duten guziei egin die elkartera hurbiltzeko deia: «Zer eta nola egin ez dakizunean, lagungarria da, batez ere hasieran». Horrekin batera elkarteak emandako liburuxkari ere probetxua atera izan dio: «Lehenbizian, zer jaten ahal nuen eta zer ez liburuxkan begiratzen nuen. Orain buruz dakit, eta egunerokoan, ezagunak ditudan produktuak erosten ditut».
Behar duena buruan hartuta, ez omen da osagaiei begira ibiltzen: «Alaba bai, arrunt kontzientziatua dago kontu honekin eta produktuen osagaiei begiratzen die, baina nik ez». Etiketei begiratzen baldin badie, «kuriositateagatik» egiten omen du, «zerbaiten txirrinta baldin badut». Prezioen harira, glutena duten produktuak eta gabekoak «berdintzea» nahi lukeela adierazi du. Eta hasiera hartan hartutako dirulaguntzaz ere oroitu da: «Beti ongi heldu da laguntza, baina arrunt kopuru ttikia izan zen eta geroztik ez dugu deus hartu». Bestalde, bere ustez, «jendeak zeliakiaz zerbait aditu du baina, orokorrean, ez daki egiatan zer den».