Zeliakia

«Dena garestia da eta laguntzak eman edo prezioak jaitsi behar lituzkete»

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 10a, 10:00

Naroa Villanueva Andueza eta Juan Pedro Andueza Oskoz I Doneztebe

Atautxi eta iloba dira Doneztebeko Juan Pedro Andueza Oskoz eta Naroa Villanueva Andueza, baina senitartekoak izateaz gainera, badute bertze ezaugarri bat amankomunean: biak zeliakoak dira.

Anduezari «orain dela hamalau urte» diagnostikatu zioten. Kontatu duenez, «jan ondoan, estomaka pixka bat pisutsua nabaritzen nuen, batez ere ogi aunitz jatean, baina bertzerik ez. Bertze gauza batengatik proba egin zidaten, eta orduan erran zidaten zeliakia nuela. Medikuak, posible banuen, glutenik gabeko jatekoa jateko erran zidan, eta hala hasi nintzen». Ilobari, berriz, urte bat eta erdirekin eman zioten diagnostikoa. «Nekea eta idorreria» izan ziren seinaleak. Hala dio Patricia Andueza Martiarena bere amak: «Ernatu orduko nekatua egoten zen, eta lau pauso eman orduko besoetan hartzeko eskatzen zidan. Medikuak idorreriagatik izanen zela erran zidan, eta zuntz aunitz emateko. Baina okerrago jarri zen». Patriciaren arabera, amatxi ohartu zen: «Bazkaltzerakoan, Naroa beti atautxirengana joaten zen, atautxiren jatekoa jatera. Zeliakoa izaten ahal zela ohartarazi zidan amak. Pediatrari proba egiteko eskatu nion, eta segidan deitu ziguten zeliakoa zela erranez». 

Dieta egiten hasi zirenetik «ongi» daudela diote: «Tarteka gustura janen nuke ostatuetako pintxo bat, baina badakit ezin dudala, eta jartzen da», aitortu du atautxik. «Andrea eta biok bizi gara eta biondako gauza bera prestatzen dugu». Naroaren amak, ordea, aitortu du «batzuetan kozinatzeko saltsa» izaten dela; «batendako glutenik gabekoa, bertzearendako glutenarekin... Aunitzetan denok glutenik gabekoa jaten dugu eta listo».

«Ez dute nahi dutelako egiten dieta, ez da kapritxo bat»

Anekdota bat edo bertze ere izan dituzte. Naroa «jangelan, glutena zuen arrautza-irinetan pasatutako solomoa» eman zioteneko kasuaz oroitu da, eta amak «hiru urterekin, parkean amatxi bat galletak ematen hasi eta Naroak 'zeliakoa naiz' erantzun ziola» kontatu du. «Ez badakit jaten ahal dudan edo ez, beti galdetzen dut», gehitu du Naroak.

Glutenik gabeko «gero eta produktu gehiago» dauden arren,  «Donezteben, adibidez, ez dago halako ogirik eta Elizondora joan behar izaten dugu», erran du Juan Pedrok. Ez hori bakarrik: «Produktu batzuek ez dute paratzen glutena duten edo ez, eta beldurka ibiltzen gara». Hortik haratago, glutenik gabeko produktuen «prezio garestia» salatu dute. Atautxik «ogi batek hiru aldiz gehiago» balio duela dio. «Injustua» da Patriciarendako: «Ez dute nahi dutelako egiten dieta eta laguntzak eman edo prezioak jaitsi beharko lituzkete. Ez da kapritxo bat». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun