Mendaurko apustuan izena emateko azken egunak

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 8a, 17:30

Iragarri bezala, maiatzaren 17an Mendaurko apustua izeneko lasterketa antolatu du Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Gazte Koordinadora Sozialistak eta maiatzaren 13a izanen da lasterketan izena emateko azken eguna.

Lasterkariak Elgorriagatik aterako dira, 09:30ean, eta Mendaurko kaskora bitarte dauden bortz kilometroak egin beharko dituzte, 980 metroko desnibelarekin. Parte hartu nahi dutenek lotura honetan apuntatu beharko dute, aipatu bezala, maiatzaren 13a baino lehen.

Lasterketa hori baino lehenagotik Mendaurrera oinez joateko ibilaldia ere antolatu du GKSk. Hori ere plazatik aterako da, 08:00etan. Lasterketaren ondotik, berriz, 14:30 aldera, bazkaria antolatu dute plazan. Lasterketan parte hartu edo ez, nahi duenak izanen du bazkaltzeko aukera eta interesa dutenek Elgorriagako ostatuan hartzen ahal dira tiketak edo bertzela, mendaurkolaisterketa@gmail.com helbidera eskribitu behar da.

Prezioari dagokionez, lasterketan parte hartzeagatik eta bazkariagatik 15 euro ordaindu beharko dira; lasterketan bakarrik parte hartzeko hamar euro eta bazkarira bakarrik joateko hamar euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun