Ahari lehiaketan Malerrekako abeltzainek hartzen ahalko dute parte eta artzain bakoitzak nahi bertze ahari aurkezten ahalko ditu lehiara. Parte hartzeko abelburuak 10:00etarako egon beharko dira Merkatuko plazan, garbitasun egoera onean eta dagokion txartelarekin.
Lehiaketan sei sari emanen dituzte, hiru ahari mutur gorriendako eta hiru mutur beltzendako. Lehen saria 120 eurokoa izanen da, bigarrena 70 eurokoa eta hirugarrena 50 eurokoa. Sari banaketa 13:00etan eginen dute Merkatu plazan berean.
Ahariak izanen dira eguneko protagonistak, baina lehiaketaz aparte izanen da zer egin herrian. Eskualdeko artisauen postuak izanen dira eta bertzeak bertze kosmetika naturala, eztia, gozoak eta koadroak erosteko aukera izanen da.
Iaz bezala, aurten ere udalak bestetako kartel lehiaketan parte hartu duten lanen erakusketa paratuko du herrigunean eta kartelak ikusteko aukera izanen da ortziralean eta larunbatean. Herri bozketa bidez aukeratuko dute irabazlea.