Bestak 2025

Asteazkenera arte luzatu dute Doneztebeko bestak iragartzeko kartel lehiaketara lanak aurkezteko epea

Ttipi-Ttapa 2025ko mai. 5a, 11:00

Lanak aurkezteko epea zabaldu dute, eta maiatzaren 7an akituko da. Argazkia: Alicia del Castillo.

Doneztebeko Udalak bestak iragartzeko azal lehiaketa antolatu du aurten ere. Hasieran lanak aurkezteko epea apirilaren 29ra artekoa izanen zela zehaztu bazuten ere, epea zabaldu dute eta asteazkenera arte, maiatzaren 7ra arte aurkezten ahalko dira.

Kartelak 50x60 cm-ko formatua izan beharko du eta egiteko prozedura librea izanen da, baina argi utzi du Doneztebeko Udalak erabat debekatua dagoela inteligentzia artifiziala erabiltzea. Lanen atzealdean erabilitako modalitate teknikoa eta koloreak adierazi beharko dira. Egileak teknika digitalak erabiltzen baditu, lana USB batean ere entregatu beharko du herriko etxean.

Lanak aurkezteko epea egun gehiagoz luzatu dute, eta maiatzaren 7an, asteazkenean, bukatuko da 14:00etan. Lanak herriko etxera bidali behar dira eta posta arruntez edo eskuz aurkeztu daitezke. Aurkeztutako lanekin gutun azal bat atxiki beharko da, honako datu hauekin: izena eta abizena, adina, helbidea eta telefonoa.

Lanak bildu ondotik, Doneztebeko Udalak erakusketa bat antolatutako du  aurkeztutako irudiekin ortziralean eta larunbatean, eta herri bozketa bidez aukeratuko dute irabazlea. Sari gisa 250 euro hartuko ditu lehiaketako irabazleak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun