EUSKARAREN EGOERA

«Erdara horren presente izanik, euskaldun izatea erabaki bat da»

Ttipi-Ttapa 2025eko maiatzaren 4a

Nerea Bazterrika Loiarte I Euskara irakaslea I Zubieta

«Euskaraz hezi, hazi eta bizi» da Nerea Bazterrika Loiarte zubietarra. «Euskara nire izatearen parte da, erdaraz ari naizenetan arrotz sentitzen dut neure burua». Euskara da bere ogibidea ere, euskara irakaslea baita eta euskararen egoeraz aritu da.

Zure inguruan zein da euskararen egoera?

Euskararen egoeraz galdetzen didaten bakoitzean errealitate gordinagoen bila jotzen dudala iruditzen zait. Noski, Iruñean, Irunen edota Bilbon baino egoera hobea du Malerrekan euskarak. Baina, begirada hori geure ingurura mugatuz eta urteetan izan duen bilakaera kontuan hartuz, ez nuke hoberantz egin dugunik esanen. 

Gure atautxi-amatxien garaian euskaldunak baserritarrak eta gutxietsiak ziren eremu askotan. Hala ere, askok eta askok gure hizkuntzaren aldeko apustua egin zuten. Nire ustez, guk, erraztasun handiagoa izanagatik, ez dugu eurek adina estimatzen eta zaintzen. Guk diodanean helduez ari naiz, ezin dugu atzendu haur eta gazteen eredu garela. Ezin diegu haurrei euskaraz aritzeko agindu gu erdaraz ari garen bitartean…  Behin baino gehiagotan aditu izan ditut «ze pena bi haur elkarren artean gaztelaniaz aditzea» bezalako esaldiak. Niri, egia esan, bi heldu euskaldun erdaraz aritzeak besteko pena ematen dit haurren kasuak. 

 TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?

Euskaldunen kopuruak ere beheiti egin badu, zer esanik ez erabilerak… Kezkagarria iruditzen zait. Euskara ikasteko gero eta baliabide gehiago dago, musu-truk jaso ditzakegu klaseak. Hala ere, ia arnasa hartzeko denborarik gabe bizi garen gizarte honetan, hizkuntza bat ikasteko denbora pizar bat hartzen duten askok beste hizkuntza batzuen aldeko apustua egiten dute. Zergatik? Zenbatetan aditu dugu, «gaur egun, ingelesa beharrezkoa da». Zertarako da beharrezkoagoa? Lan munduan dugu begirada… Egunerokoan, gu bizi garen eremuan, nik ez nuke ingelesa beharrezkoagoa denik esanen… 

Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?

Kalitatearen aurretik hiztuna jarriko nuke. Biak eskutik ulertzen ditudan arren, miresgarria zaidalako Euskal Herritartzen eta euskalduntzen diren atzerritar askok euskara ikasteko eta erabiltzeko egiten duen esfortzua. Euskaraz ari den horri ez dela ongi ari esaten badiogu hiztuna galtzeko arriskua izan dezakegu…  Horrek, ordea, ez du edozerk balio duela esan nahi. Bien arteko oreka bilatzen saiatu beharko genuke, inor gutxietsi gabe eta ahal dela inor gaizki sentiarazi gabe.

Zer da zuretzat kalitatezko euskara?

Zaila egiten zait hori definitzea. Kalitatea zuzentasunarekin lotzen dut, baina, modu berean, batuan onartua ez dagoena erabiltzea zuzena iruditzen zait zenbaitetan. Zergatik ez karri idatzi euskalkiaren ezaugarrietako bat bokalen galera bada? Ezin dugu modu berean solas egin herriko batzar aretoan egiten den bileran edota Euskal Herriko hamaika txokotako herritarrak biltzen dituen hitzaldi bateko hizlariak garenean. Ezin dugu berdin idatzi lagunen Whatsapp taldean, festetako programan edota Gobernura bidaliko dugun e-mail batean. Hartzailea kontuan hartu behar dugu. Euskalkia, tokiko estandarra eta euskara batua, denak dira baliagarri, denak dira elkarren osagarri. Bakoitza noiz, nola eta norekin erabili asmatzean dago koska. 

«Gizartea gero eta erdaldunagoa da»

Gero eta kezka gehiago sortzen du euskararen kalitateak. Zuri zer iruditzen zaizu?

Gizartea gero eta erdaldunagoa da. Izan ere, gero eta denbora gehiago pasatzen dugu pantailen aurrean eta hortik jasotzen dugun ia guztia espainolez izaten da. Gazteei eredu dituzten Instagramerrez galdetzea aski da horretaz ohartzeko. Gehienek ez dute euskal eredurik. Beraz, ez da harritzekoa alo, enplan, joe, tiooo, no te pases, que fuerte... bezalakoak arrunt barneratuak izatea.

Euskaraz aukerak asko mugatzen dira. Eta eredugarri izan daitezkeen eragile, ekitaldi edo telesailak badauden arren, askotan euskaldun izateagatik beragatik ez dutela asmatzen iruditzen zaigu. Ikusi aurretik «euskaraz ez du halako graziarik», «euskaraz izateko ez da horren txarra» eta antzekoak aditzen ditugu. Aurreiritziok aldatuz gero, seguru nago Makusiren eskaintza edota Goazen, Irabazi arte eta antzerakoak beste begi batzuekin ikusiko genituzkeela. Orain, gainera, edukiok plataforma batean (Primeran) bilduta izanik, hori saltseatzera gonbidatu nahi zaituztet.

Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?

Ez nuke belaunaldi gazteen kontua bakarrik denik esanen. Gazteleraz v eta b nahasita dituen mezu batek eta euskaraz h-a falta duen mezuak hartzailearengan sortzen duen efektua ez da berbera. Edo niri ez zait hala izanen denik iruditzen.

Zenbatetan aditu dugu «gazteleraz eskolatua da» bezalakoak justifikatzeko? Q eta v-rik ez dagoela eta horien ordez k eta b erabiltzen ditugula jakiteko interesa paratzearekin aski dela iruditzen zait. Euskaldunok zaintzen ez badugu, nork zainduko du?

«Adinekoengan ez dut aldaketa nabarmenik sumatu, eurek dira nire inguruan euskarari hoberen eusten diotenak»

Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?

Adinekoengan ez dut aldaketa nabarmenik sumatu, eurek dira nire inguruan euskarari hoberen eusten diotenak. Horixe da tristeena, belaunaldi gazteok bertako hitz, forma, aldaketak… galtzen ari garela. Herrian (Zubietan), adibidez, gazteei ze in dizo?, mazerezo bezalakoak aditzea arraro gertatzen zaigu. Batuaren eraginez ze in diozu?, maiozu... bezalakoekin ordezkatu ditugu. 

Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?

Euskaraz aski ongi dakiten baina hitzik egiten ez duten guztiak etorri zaizkit burura. Baita euskara agurtzeko, eskerrak emateko edota bai, ez esateko bakarrik erabiltzen dutenak ere. Zeinen ederra litzatekeen hauek guztiak euskaraz aditzea! 

Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?

Neurri batean, dagoeneko gertatzen ari da. Askotan euskaraz ari garen bitartean erdal hitz edota esaerak sartzen ditugu, hitz ordenan ere eragin zuzena izaten ari da, gero eta kalko gehiago erabiltzen ditugu… Batzuetan kontziente gara, beste batzuetan esan ondotik eta zenbaitetan ez gara ohartzen. Gertaera honekin lotuta, maiz egiten didaten galdera etorri zait gogora: «Nerea, hau ordun hola da, no?». Nik «ez?» erantzuten diedan arte ez dutela horren kontzientzia hartzen esanen nuke.

Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?

Ez dakit zer ari den pasatzen… Bortzirietako gazteak «bos» esaten aditzen ditut… Arazoa larriagoa da idatzizkoan… Onartuta dauden hitz andana, zuzenak ez direlakoan, ordezkatzeko joera dugula iruditzen zait. 

Gainera, ikasleek jasotzen dituzten eredu gehienak testuliburuetakoak dira eta horiek askotan gure herri hizkeretatik urrun daudenak dira. Horrek, herri hizkera eusteari begira, ez du mesederik egiten. Hortaz, guk sortzen dugun materialean edota prestatzen ditugun lanketetan horri erreparatzeko eta bere tokia egiteko aprobetxatu beharko genuke.

Pixkanaka, ikastetxeetan tokian tokikoa txertatzeko eta eusteko kontzientzia lantzen ari dira. Aspaldixko argitaratu zuten Baztango mintzoa erabiltzeko gida, aurten Maite Lakarren eskutik, Bortzirietako ikastetxeetan horri buruzko ikastaro bat egin dute irakasleek… Ea lan horiei merezi duten etekina ateratzen asmatzen dugun!

Azkenik, etxean ere lanketa hori egitea komeni da. Zenbaitentzat euskara eskolako hizkuntza da. Eta horretara ez mugatzeko, irakaskuntzatik kanpo ere, guraso zein herritarrok, asko dugu egiteko. Hizkuntzaren estimuak etxean sortu beharko lukeela uste dut. 

Euskarak prestigioa behar du? 

Prestigioa, ez dakit… Jarraipena behar du eta gure gizartean euskara beharrezko egin behar dugu. Euskara bigarren hizkuntzatzat dutenak euskaraz aritzeko eta etorkinek ikasteko behar bat sortu behar da. Lan munduan beharra sortzea izan daiteke euskara hedatzeko gakoetako bat. Horretarako, instituzioen babesa izatea ere inportantea da. 

Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzue zuen inguruan?

Zorionez, nire inguruan sumatzen dudan euskararekiko jarrera arrunt ona da. Euskara ongi menderatzen ez duen batek baino gehiagok aurre hartu eta berarekin lasai aski euskaraz solas egiteko esan izan dit, ulertzeko eta segitzeko gai dela. Zenbaitetan, erantzuten ere saiatzen dira… Eta mantso solas eginez gero elkarrizketak segitzeko gai direla ere aipatu didatenak ere badatozkit burura. Jarrera horiek eskertzekoak dira.

Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke?

Kontzientzia behar da. Hori nola bereganatzen den jakitea ez da erraza, ordea. Azken batean erdara horren presente dugun gizarte batean euskaldun izatea erabaki bat da, aukera bat. Aukerarik zailena esanen nuke. Aukera horri ez zaio beti aise eusten. Denok ditugu erdarara jotzen duten lagun edota familia-kideak eta indar handia duen hizkuntza izanik, ingurukoek hizkuntza aldatzea erraz gertatzen da. Horren aurrean, euskara zaintzeko kontzientziarik ez baduzu, nekez eutsiko diozu euskarari.

«Euskaldunak euskaraz bizitzera eta erdaldunak euskalduntzera animatu nahiko nituzke»

Zerbait gehiago erran nahi duzu?

Euskaldunak euskaraz bizitzera eta erdaldunak euskalduntzera animatu nahiko nituzke. Aukera guztiak dira onak euskaraz solas egiteko eta saiatzea bezalakorik ez dago lortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun