EUSKARAREN EGOERA

«Gizarte euskalduna falta dugunez, borondate hutsaren mende gaude»

Ttipi-Ttapa 2025eko maiatzaren 1a

Markel Lizasoain Baleztena I Itzultzailea eta zuzentzailea I Saldias

Markel Lizasoain Baleztenak lotura berezia izan du euskararekin. Irungo testuinguru zailean igaro zuen haurtzaroa, eta gaur egun Saldiasen bizi da: «Ama Saldiaskoa eta aita Oizkoa izanda, Txingudi ikastolan, irakasleek nabarmendu egiten zuten nire hizkera, onerako, eta haur bati zerbait ongi egiten duela esaten diozunean, hori garatu eta areagotu egiten du».

Zure inguruan zein da euskararen egoera?

Ez da ona, nahiz eta Euskal Herri osoan leku gutxitan egonen den hemen bezain ongi, baina esan daiteke hemen ere eri dagoela: XX. mende hasieran euskaldun hutsak ziren herritar gehienak, eta XXI. mende hasieran denek dakite erdaraz, batzuek ez dakite euskaraz eta askorentzat egunerokoan funtzionatzeko hizkuntza gaztelania da; konparazio, lantokia ingurune erdalduna da bazter gehienetan, eta haurren kasuan eskola orduetatik kanpo estimulu gehienak erdaraz dituzte.

TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Hego Euskal Herriko 25 udalerrietako datuak hartuta, euskaldunen kopuruak beheiti egin du 1986tik. Zer hausnarketa eginen zenuke?

Nafarroako Gobernuak ez ditu behar bezala babestu nafarrak hizkuntzaren aldetik (egin behar denaren alderantzizkoa egin du) eta erdal joera gailendu da. Nolanahi dela ere, TTIPI-TTAPAk hartzen dituen Ipar Euskal Herriko udalerriak okerrago daude, Frantziaren hizkuntza politika basatia dela medio. Urtasun historialariak dioen eran, etxeko giltzak galtzen dira, hizkuntza bat ez.

Gaitasunean ere sumatu duzu aldaketa?

Bai, gure atautxi-amatxien gaitasunetik nire amaren belaunaldira gaitasuna apaldu bazen, oraindik eta gehiago apaldu da nire belaunaldikoetara eta ondokoetara. Tartean, nahiz berreskura daitekeen, hizkuntza erregistro bat galdu dugu, ia inor ez baita noka aritzen, eta bide beretik doa toka ere. Leizarragak hiketan idatzi zion Jangoikoari eta Gorosabelek hiketan kantatzen dio Sosari. Ezin diogu ezikusiarena egin.

Zer da, zure ustez, garrantzitsuena: euskararen kalitatea edo hiztun kopurua?

Bietan jarraitu beharra zagon jo eta kea. Gure eskualdeko egoera ezin dun ulertu Euskal Herri osoarena kontuan hartu gabe: hiztun kopurua handitu behar da, eta erabilerak bere gisa ekarriko din kalitatea.

Zer da zuretzat kalitatezko euskara?

Nire ustez, hizkuntza idatzirako erabiltzen den termino bat dun; ahozkoan, gaur egun, «euskara garbia» edo «zaineko euskara» ibiltzen dela gehiago esanen nuke. Nolanahi dela ere, Lizardik esan zuena etortzen zaidan gogora, kalitatezkoa baino gehiago, noranahikoa nahi haunat, edo horrelako zerbait.

«Aizkolariek lehengo markak egiten ez dituzten bezala, gaur den eguneko euskaldunok ez dugu garai batekoek zuten etorria, baina aizkolariek segitzen dute egurrak txukun ebakitzen eta gu ere moldatuko gara garai hobeak etorri bitarte»

Gero eta kezka handiagoa sortzen du euskararen kalitateak. Aunitzen ustez, beheiti egin du. Zuri zer iruditzen zaizu?

Aizkolariek lehengo markak egiten ez dituzten bezala, gaur den eguneko euskaldunok ez dugu garai batekoek zuten etorria, baina aizkolariek segitzen dute egurrak txukun ebakitzen eta gu ere moldatuko gara garai hobeak etorri bitarte.

Euskara kamutsa dutenak belaunaldi gazteak direla aditzen dugu maiz. Zer pentsatzen duzu?

Sega zorrozten erakutsi behar den bezala, bizi legea da helduak gazteari hizkera fintzen erakustea. Finegi zorroztuz gero, berriz, agudo agertzen dira kamerrak, neurria hartu behar.

Haurren eta helduen euskarak aunitz aldatu dira zure inguruan?

Haurrak, helduarora hurbiltzen doazen bezala, helduen hizkerara hurbiltzen dira oraindik gure herrian. Hori behinik behin badugu.

Artzeren esaldi ezaguna: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek solas egiten ez dutelako baizik». Hori leituta, zer etorri zaizu burura?

Kontzientziari dei egiten dio, baina ongi aski dakigu indar zentripetuak zein diren, baita Artze zenak berak ere: «Sartuko digutela baldin ematen datozenean ez badugu, behingoz leihatila nola hertsi ikasten».

Eta Lazkao Txikiren «Laster erdaraz ariko gara euskaraz ari garelakoan» leituta?

Amak maite du haurtxo eri bat hark hizkuntza maite zuen bezala. Dakigula, Lazkao Txikik ez zuen ondokorik utzi, eta, Mattinek behin testamentuan zer utzi ote zuen galdetuta, erantzun zion: «Bihotza uzten diot Euskal Herriari».

«Hizkera beti aldatzen doan zerbait da. Aldatzea bere horretan ez da txarra; kontua da euskarak mingainean segitzen ote duen»

Herri hizkerarekin zer ari da pasatzen?

Hizkera beti aldatzen doan zerbait da. Aldatzea bere horretan ez da txarra; kontua da euskarak mingainean segitzen ote duen. Gaur egun, aldea sumatzen dugu atautxi-amatxietatik ilobetara; hor, neurria da zenbaterainokoa den erdararen eragina eta zenbateko indarra egiten duten horri gogor egiteko erremintek: eskola, euskara batua, komunikabideak eta, jakina, herritarrak berak (familia, lagunak, karrika, ostatua...). Hortik hiru aukera eta horien konbinazioak bakarrik dira posible: erdara, euskara berria eta Saldiasko euskara. Euskara berriak ez du zertan txarra izan, eta, hori gailentzen bada, Saldiasko hizkeraren estatusa hartuko du etorkizunean

Zerk huts egiten du?

Kontua bestelakoa litzateke gure estatua bagenu. Gure hizkuntza politikak aterako genituzke aurrera, Espainiako eta Frantziako botere faktikoen beha egon beharrik izan gabe. Erronkak latza izaten segituko luke, baina, behintzat, komunitatea bizkorrago trinkotuko genuke. Nolanahi dela ere, bada behin ere hutsik eginen ez duen gauza bat: Euskararik gabe ez dago Euskal Herririk ez kristorik; euskaraz pellokeria dirudiena ongi ulertzen dute erdaretan.

Euskarak prestigioa behar du?

Herri itun bat behar ote dugu oraintsu Ipar Euskal Herrirako erakutsi duten argazkia bezalakoa? Ikastolak sortu zituzteneko magia behar dugu? Nik uste dut eginahalak egiten ari garela eta unean-unean dugun indarrarekin bulkatzen dugula, formulak formula.

Euskararekiko zer jarrera sumatzen duzu inguruan?

Orain ez dakit zertan diren kontuak, ez naiz eta etxetik askorik ateratzen, baina hor ere erronka dago egunerokoan. Orain urte saila, ikastolek nazka ematen diotela entzunda nago sagardotegi giroan, beste bati euskara batua ez zaiola gustatzen, beste bati euskaldun frantsesek higuina ematen diotela, Zuberoan haur batek «espagnole» deitu zidan ondotik bizikletan pasatu nintzaionean hitz erdirik ere egin gabe; aurretik «ale, ale» esan izan balu, baina ez, ez, burlaizez! Ezterenzubin hanka jokoa egin behar izandu genuen festa batzuetan, gutako batek Laborantza Ganberaren aldeko elastikoa zeramalako. Ez diogu neurria hartzen zer egiten ari diguten «muga gainetik eta muga bestaldetik».

Egoerari buelta emateko, zer proposatuko zenuke?

Ez dakit, galdera potoloegia da, soziolinguistek zeresan handiagoa dute horretan. Politikariek soziolinguisten jarraibideak bete behar lituzkete. Norberak zer egin dezake? Odriozola idazleak dioena agerian jarri?, nazio euskaldunaren kontzientzia behar dela; izanez ere, bizitzako hautuek garrantzi handia baitute: haurrak D ereduan sartu, udaleku euskaldunetara igorri, Lanbide Heziketan euskararen eskaintza areagotu, administrazioak itzulpenen bidez funtzionatu beharrean agiriak eta legeak euskaraz sortu...

«Mende honetan sartzearekin, euskaldun izatea galdu dugu»

Zerbait gehiago erran nahi duzu?

Mende honetan sartzearekin, euskaldun izatea galdu dugu. Badirudi gure aspirazio handiena dela euskara erabiltzea, eta zer da hori, ‘gaur ordubetez euskara erabiliko dut’? Herri txikietan eta gune jakinetan gelditzen gara euskaldunak: herri txikietakoa inertzia hutsa bada, urte gutxietako kontua izanen da horietan ere galtzea, herri txikiek ere gizartearekin bat eginen dutelako lehenago edo geroago. Irunen gero eta euskara gehiago entzuten da, ni haurra nintzenean baino gehiago behintzat bai, baina gaur den egunean izan al daiteke inor euskaldun Irunen? Oraingoz, oso zaila dago, baina norabide ona hartua duela esanen nuke ezagutzaren aldetik, eta hor gaude kinka batean. Gizarte euskalduna falta dugunez, borondate hutsaren mende gaude. Segituko dugu jokoan datozen hogei-hogeita hamar urteetan, jolasean aritzeko urteak etorri bitarte.

Gainerakoan, euskal lurralde digitalaz solas erdi bat. Ari gara indartzen, baina basamortu handi bat bezalakoa da. Zerbait jakin edo erosi nahi dugunean, nork egiten dugu bilaketa euskaraz? Badago jakintzarik Interneten? Postmodernismoaz euskaraz ariko den aurpegirik, tomate landarea nola zaindu behar den erakutsiko didan norbait edo auto bati pilotuko bonbilla nola aldatzen zaion esplikatuko didan bideotutorialik? Aiora Probatxo asko behar ditugu, noranahikoak! Heroi txiki batzuen modukoak ikusten ditut horretan saiatzen direnak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun