Hainbat plantazio egin dituzte Donamarian

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 25a, 12:00

Errekorrin, Xubisten, Arridorren eta Usategietan egin dituzte landaketak, eta horrez gain, kimaketak.

Donamariako Udalak 8,45 hektareako plantazioa egin du. Zehazki, Errekorri, Xubiste, Arridor eta Usategieta parajeetan egin ditu landaketak, otsailetik martxora bitarte

Lanak 48.299,50 euro kosta dira, eta Nafarroako Gobernuak bere gain hartu ditu, Europako Next Generation funtsen bitartez hartutako dirulaguntzarekin. Lanak gobernuaren esku geldituta, Donamariako Udalak obra zuzendaritzaren gastuak ordaindu behar izan ditu eta lanak egiteaz, Aginagalde enpresa arduratu da.

Errekorrin, 0,66 hektareako eremuan, gaztainondoak eta haltzak landatu dituzte; Xubisten 0,9 hektareako lursailean, alertzea eta tuia; eta Arridorren, 0,29 hektareatan, gaztainondoak. Usategietan egin dute plantaziorik handiena: 6,6 hektareako eremuan, taeda pinua eta gereziondoak. 

Landaketak eginda, Galiziatik etorritako kimatzaileek landatutako arbolak kimatu dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun