Sekulako betekada eta giroa izan zuten larunbatean Izabako pilotalekuan, Nafarroako Irekiko jaialdian, Salsamendi-Bertiz eta Ibarrola-Mendiburu bikoteen arteko elite mailako dema ikusteko. Bi bikote erabat nafarren arteko lehia orekatua eta bizia izan zen eta azkenean Ibarrolak eta Mendiburuk 22-18 irabazi zieten Salsamendiri eta Nahia Bertiz sunbildarrari.
Harmailetatik hartu duten babesak bultzatuta, lau pilotariak kantxan hustu egin ziren eta sortutako ikusminari erantzun bikaina eman zioten. Azkenik, Aizane Ibarrola uhartearrak, azken hilabetetan maila handian dabilenak, lehia bere aldera eraman zuen.
Izaban aritutako laurek etorkizun handiko pilotariak direla erakutsi zuten, bi atzelari oso sendorekin eta ikusleak gozarazi zituzten bi aurrelarirekin.
Jaialdiko lehen partidan, eskuz banaka aritu ziren gazteak eta Maria Crespok 18-7 irabazi zion Janire Sotili.