Ander Larraburu Hernandorena txirrindulari sunbildarrak Espainiako pistako junior eta kadete mailako txirrindularitza txapelketan parte hartu du Mallorcan, Nafarroako selekzioarekin. Banaka, keirin modalitatean kadete mailako Espainiako txapeldun suertatu zen igandean, urrezko domina eskuratuz. Zilarrezko domina Valentziako Borja Gimenezek eskuratu zuen eta brontzezkoa Asturiasko Mario Menendezek.
Aitzinetik, abiadura probako finalerdia galdu zuen Larraburuk, hain zuzen, Mario Menendez asturiarraren kontra, baina brontzezko domina lortu zuen sunbildarrak modalitate honetan.
Jazarpen proban, Nafarroa txapeldun
Ez zen urrezko domina bakarra izan Larrabururentzat. Izan ere, Nafarroako kadete mailako selekzioarekin, taldeka, jazarpen proba ere irabazi zuen, 3 minutu, 16 segundo eta 917 ehuneko denborarekin. Bigarren Valentziako selekzioa izan zen (3.19.494) eta hirugarren Kataluniakoa (3.20.713). Ander Larrabururekin batera, Aitor Mata, Mikel Mata eta Aitor Olite aritu ziren Nafarroako selekzioarekin. Taldekako abiadura proban zilarrezko domina lortu zuen Nafarroak.