Bestak 2025

Doneztebeko bestak iragartzeko kartel lehiaketa antolatu dute

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 18a, 14:00

Bertze herri batzuetan bezala, Donezteben ere herriko bestak iragartzeko kartel lehiaketa eginen dute. Lanak apirilaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira eta irabazlea herri bozketa bidez erabakiko dute.

Kartelak 50x60 cm-ko formatua izan beharko du eta egiteko prozedura librea izanen da, baina argi utzi du Doneztebeko Udalak erabat debekatua dagoela inteligentzia artifiziala erabiltzea. Lanen atzealdean erabilitako modalitate teknikoa eta koloreak adierazi beharko dira. Irabazleak teknika digitalak erabiltzen baditu, lana USB batean ere entregatu beharko da herriko etxean.

Lanak aurkezteko epea irekia dago dagoeneko eta apirilaren 29ko 14:00etan bukatuko da. Lanak herriko etxera bidali behar dira eta posta arruntez edo eskuz aurkeztu daitezke

Aurkeztutako lanekin gutun azal bat atxiki beharko da, honako datu hauekin: izena eta abizena, adina, helbidea eta telefonoa.

Lanak bildu ondotik, Doneztebeko Udalak erakusketa bat antolatutako du aurkeztutako irudiekin, eta herri bozketa bidez aukeratuko dute irabazlea. Sari gisa 250 euro hartuko ditu lehiaketako irabazleak.

Lehiaketaren harira zalantzak dituztenek 641 58 99 08 zenbakira WhatsApp mezu bat idatzi dezakete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun