Jon Apeztegia

«Bezeroari laguntzeko produktua ezagutzea da garrantzitsuena»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 17a, 10:00

100 urte baino gehiagoko ibilbidea du Doneztebeko Apezteguia burdindegiak.

Jon Apeztegiak azaldu duenez, «Hilaria, attaren amatxi, hasi zen dendarekin. Baina orduan ez zen burdindegi bat, janari denda bat baizik, eta gauza gehiago ere saltzen zituen. Merkatarien karrikan zegoen, gaur egun Irrintzi ostatua eta Marta ile apaindegia dauden lekuan. Hilaria Joxe Arotxarekin ezkondu zen, gizon nahiko famatua zena, eta gaur egun oraindik adineko pertsona ugarik gogoratzen dutena. Albaitari lanak egiten zituen, nahiz eta albaitaria ez izan, eta bezero eta bizilagun guziei laguntzen zien animaliekin».

Haien ondotik «Bautista semea izan zen dendaren nagusia, baina gazte hil zenez, anaiak hartu zuen ardura, gure atautxik. Ignacio pertsona alaia eta jatorra zen, eta janari artikuluak alde batera utziz, burdindegi artikulu gehiago saltzen hasi zen. Gero bere bi semeak hasi ziren lanean, Juan Ignacio eta Jose Antonio (Koteto), eta beraiekin Elizagibela karrikara mugitu zuten, gaur egun Suma dagoen tokira. 2008an kokapen definitibora lekualdatu genuen denda, Leitzako errepidean».

Eskaintza zabala

Gaur egun, «burdindegiarekin erlazioa duten produktu gehienak ditugu eskuragarri: esku erremintak eta elektrikoak, silikonak, itsasgarriak, pinturak, hidrogarbigailuak, konpresoreak, elektrizitate artikuluak, lanerako arropa… eta baita abeltzaintza, baratze eta lorategirako artikuluak ere».

Izan ere, «toki berrian denda aunitzez ere handiagoa da eta esposizio handiagoa dugu. Horrek bezeroari laguntzen dio produktuak ikusten eta aukeratzen». Gainera, «biltegia ere handiagoa dugu, horregatik, aunitzetan ez dugu eskaerarik egin beharrik eta bezeroak ez du esperatu beharrik artikulua ailegatu arte, hemen dugulako».

Jendeak «denetik» eskatzen du, «denboraldiaren arabera gauza batzuk edo bertzeak saltzen dira gehien». Horrez gain, «jende pila bat etortzen da aholku edo laguntza bila, zerbait egin nahi dutela eta ez dakitela nola. Merkatuan dauden artikuluak ezagutzea eta nola erabiltzen diren ikastea da gure lana, bezeroari ahalik eta hobekien bideratzeko. Haien beharrak betetzeko ideiaren bat edo bi izaten ditugu beti. Gure ustez, hori da garrantzitsuena eta, gainera, pila bat gustatzen zaigu lan hori».

Baratzeari dagokionez, «tresnak, haziak, lurra, berdatea (tomateen xartexa kontrolatzeko)… ditugu. Horiekin ere ikasten eta informazio bilatzen saiatzen gara, gero bezeroei aholkuak emateko. Adibidez, baratzean plaga bat baldin badute, produktu hoberena aurkitzen saiatzen gara. Batzuetan okertzen gara baino orduan guk ere ikasten dugu».

Etorkizunera begira, «dendarekin lanean segitzeko asmoa dugu. Donezteben denda aunitz ixten ari dira jabeak erretiratzen ari direlako baina hemen, momentuz, ez dugu problema hori. Kontent gaude ibilbide luze honekin segitzeaz eta jendea animatu nahi dugu bertan erostera!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!