Ikasteko eta lanerako aukera langabeendako

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 19a, 09:00

Zurgintzari buruzko tailerrean parte hartzen ari direnak. Argazkian ez dira denak ageri. Argazkia: Alaitz Leatxe.

Aitzineko ikasturtean bezala, honetan ere formazioa eta lana uztartuz, langabeentzako tailerra egiten ari dira Malerrekan. Malerrekako Mankomunitateak antolatu du eta Baztan-Bidasoko hamar lagun ari dira zazpi hilabeteko tailerrean parte hartzen. Apirilaren 30ean akituko dute.

Joan den urtean egin zuten lehenbizikoz proba, langabezian daudenei lan mundurako sarbidea errazteko asmoz tailerra antolatuta. Arrakastatsua izan zen, eta ikasturte honetan bide beretik segitzea erabaki du Malerrekako Mankomunitateak. Hala, ikasteko eta lanerako aukera emanez, tailerra paratu du martxan. 150.000 bat euroko aurrekontua gorde du horretarako, eta horren zati bat Nafarroako Gobernuak finantzatuko du. 

Helburuak lehengoak dira: «Langabezian daudenen enplegagarritasuna hobetzea eta bizi osorako erabilgarri izanen duten gaitasuna garatzea dira helburu nagusiak». Horrela esplikatu du tailerraren orientatzaile eta zuzendari den Alaitz Leatxe Portillo donamariarrak. 

Joan den urtean, lorezaintzan eta pintura lanetan zentratu ziren. Aldi honetan, berriz, zurgintzan paratu dute arreta. Izan ere, proiekturen helburu nagusiak alde batera utzi gabe, «Malerrekako Mankomunitateak eta mankomunitatea osatzen duten udalek dituzten beharrei erantzun» nahi diote, «eskualdean dugun merkatuari» erreparatuta. Horixe izan da zurgintzari buruzko tailerra egitearen arrazoia. 

Urritik apiril hondarrera

Ikasten eta lanean, soldataren truke. Hala ari dira tailerrean izena eman dute Baztan-Bidasoaldeko hamar lagun urriaren 1az geroztik. Lehenbiziko bi hilabete eta erdian formazioa hartu zuten. Leatxeren hitzetan, «arrunt dinamikoa izan zen, eskulanarekin nahasia, zurgintzak hala eskatzen duelako». Gainerako lau hilabete eta erdiak lanean pasatuko dituzte, zuzendariak argitu duenez, «monitore batekin, lanean ari diren bitartean ikasten segi dezaten». 

Doneztebeko garbigunean egurrarekin lanean. 

Orain artekoaz balorazio ona egin du, «arrunt ongi» doala erranez; «ikasitakoarekin egiten ari diren lanak izugarriak dira. Ikasketa prozesua ongi joan zen eta partaideek gogo handiarekin hartu zuten lana. Lan ugari egin dituzte eta emaitzetan nabari da mimoz egindakoak direla». Egindako lanen artean, «Malerrekako Mankomunitatearen instalazioetan hobekuntzak» egin dituztela kontatu du Leatxek; «bertzeak bertze, hondakinen edukiontzien eremuetako itxiturak moldatu dituzte eta mankomunitatearen babes ofizialeko etxebizitzetan mantentze lanak egin dituzte».  Horiek eta gehiago ere bai. Eta Doneztebeko Udalak, adibidez, egindako lanengatik eskerrak eman nahi izan dizkie: «Haur eskolan markesina berria egin dute, Uraren Bidean zubia eraiki, herrian parke guneetako egurrezko eserlekuak moldatu eta txukundu... Eskerrik asko!».

Bateko eta bertzeko lan horiek «komunitatearen onurarako ez ezik, parte hartzaileen ikusgarritasuna areagotzeko ere balio» dutela gehitu du Leatxek; «etorkizuneko proiektuetan edo bertze erakunde publikoetan eta pribatuetan kontratatuak izateko aukera gehiago izaten ahal dituzte». 

Lan merkatuan sartu berriak eta esperientzia dutenak 

Hainbat adinetako taldea bildu dira aurten ere, eta proiektuaren zuzendariak esplikatu duenez, «hamar partaideen arteko adin desberdintasuna nabaria da. Batzuk lan merkatuan sartu berriak dira eta bertzeak denbora luzea daramatenak, esperientzia handikoak». 

Generoari erreparatuta, ordea, bi emakumezko bakarrik. «Portzentaje ttikia da eta ez da kasualitatea. Sektore maskulinizatua da eta argi dago horrek eragina duela», adierazi du. Hala ere, garbi utzi du ateak denendako irekiak direla: «Malerrekako Mankomunitatearen izenean, jendarte guziari egin nahi diogu horrelako formazioetara animatzeko gonbidapena».

Malerrekako hainbat txokotan lanak egiten aritu dira, tartean, Zubietako errotan.

Leatxeri «garrantzi handikoak» iruditzen zaizkio halako tailerrak, eta abantailak aipatzen hasita, «trebetasunak eskuratzeko» aukera ematen dutela kontatu du, «lan merkatuan nahiz arlo pertsonalean garatzen lagunduz». Lan merkatuari begira, «formazio horiek curriculumak osatzeko lagungarri» direla ere oroitarazi du, eta horrekin batera, «trebetasuna lortzeak autoestimuan duen eragin nabaria» nabarmendu nahi izan du: «Horri esker, lan merkatuari bertze perspektiba batekin aurre eginen diote, prestatuagoak egonen direlako eta beraien buruarengan konfiantza handiagoa izanen dutelako». 

Ikasturte honetakoa agudo borobilduko dute, apirilaren 30ean akituko baitute formazioa. Eta egun horretan, tailerrari akabaila emateko ekitaldi bat eginen dute. Leatxek tailerra ahalbide duten guziei eskerrak emateko probestu du, «Bai Nafarroako Enplegu Zerbitzuari, bai Malerrekako Mankomunitateari eta bai parte hartzaileei»

Etorkizunera begira, «horrelako formazioak eta zerbitzuak ematen segitzeko» konpromisoa ere berretsi du. Eta hala, heldu den urtekoa martxan dute: «Beharrezkoa da horrelako zerbitzuak eskaintzea, gure eskualdeak zaintzeko balio dutelako eta gure inguruko jendeari formaziorako aukera eskaintzen diotelako». 

«Maila pertsonalean aunitz lagundu dit tailerrak; hagitz onuragarria da»

Miriam GUEZALA SANCHEZ I Bera 

«Ingeleseko irakasle, merkataritzan, ostalaritzan, idazkari...». Hainbat lanetan ibilitakoa da Beran bizi den Miriam Guezala Sanchez errenteriarra. Eskulanak ere «beti» sortu omen dio interesa, eta horregatik eman zuen izena Malerrekako Mankomunitateak zurgintzari buruz antolatutako enplegu tailerrean: «Sekulako aukera iruditu zitzaidan tresnak erabiltzen, zurezko lanak egiten eta eraikitzen ikasteko». Gainerakoan «2017 aldera langabezian egon nintzen azken aldian baino lan aukera gehiago» sumatzen ditu gaur-gaurkoz Guezalak, «mugimendu gehiago».

Hala ere, bere irudiko, «emakumea izanik eta nire adinean, zaila ikusten dut tailerrak lana bilatzeko aukerak zabaltzea. Baina hala izatea espero dut». Gisa berean, «maila pertsonalean tailerrak aunitz lagundu» diola gehitu du, eta horren seinale, «etxean lantxoak egiterakoan» aldea sumatu duela esplikatu du; «aunitzez aisago erabiltzen ditut tresnak». Hortik haratago, «gauza berriak ikasteak osasun mentalean eta buruan duen eragina» nabarmendu du; «hagitz onuragarria» dela erranez. Eta hala, «maila pertsonalean» zenbateraino lagungarri izan daitekeen ikusita, tailerretan parte hartzeko deia egin du. Eskerrak emateko ere probestu du: «Hagitz eskertua nago eman didaten aukerarekin eta ahal dudan guzia probestu dut. Nahiago nuke bukatuko ez balitz, eta espero dut, orain, bertze leku batean bertze aukera bat ematea». 

«Ikasteak beti ateak irekitzen ditu lan munduan»

Eloy Eduardo VARILLAS ABAD I Doneztebe

Sorterria utzita, Eloy Eduardo Varillas Abad «duela hamaika urte» etorri zen Doneztebera bizitzera. Geroztik, «sukaldari laguntzaile, soziosanitario, lorezain eta inkestak egiten» ibili da lanean. Joan den urriaz geroztik, berriz, Malerrekako Mankomunitateak martxan paratu duen zurgintza tailerrean dabil. «Gauza berriak ikasteko» gogoak erakarrita eta «eskuz egindako lanak betitik» gustatu izan zaizkiolako apuntatu zen tailerrean, eta ez da damutu: «Badut esperientzia pixka bat zur lanetan, baina tailerrean teknika hobetzen laguntzen didate». Gainera, ez da hori bakarrik, «jendea ezagutzeko eta inguruko jendearekin harremanak izateko» balio izan diola kontatu du. 

Lan merkatuari erreparatuta, bere ustez, «zaila da lana bilatzea», baina tailerrak lagunduko diola iruditzen zaio, «ikasteak beti ateak irekitzen dituelako, eta gainera, inguruan egurrarekin lan aunitz egiten delako. Nire kasuan, sektore berri baterako aukera ireki dit». Horri lotuta, jendeari animatzeko erran dio: «Beti ongi da ikastea».

Tailerra apiril hondarrean borobilduko dute eta Varillasek aitortu du «pena handia» sentitzen duela tailerra akitzera doala ikusita: «Bertze urte bat irautea gustatuko litzaidake. Malerrekako txoko guziak konponduko genituzke». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun