Kultura gastronomikoa eta bertako arto barietateak Baztan-Bidasoa eskualdean proiektuaren baitan larunbatean Zubietako errotan hainbat jende elkartu zen. Han egon ziren proiektuaren lanketaz arduratuko diren kideak, tartean, Itsasne Mendiberri, Bortziriak, Malerreka eta Bertizaranako Elikadura dinamizatzailea, proiektua lantzen ari den Marc Badal eta bere lan taldea, gaur egun Zubietako errotazaina den Jasone Mitxeltorena eta hainbat arto barietate ekoitziko dituzten zenbait lagun.
Cederna Garalurren bidez kudeatzen ari diren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren Next Generation funts europarrekin finantzatutako proiektua da.
Helburua eskualdeko arto barietate tradizionalak berreskuratu eta hauek ezagutzea izanen da, beti ere artoa balioa emanez. Larunbatean, proiektuan parte hartuko duten herriko eta eskualdeko ekoizleei arto barietate desberdinak banatu zitzaizkien eta artoa nola erein, landaketaren segimendua nola egin, uzta noiz bildu eta nola idortu, hazitarako zein ale hautatu eta holakoen inguruan aritu ziren.
Arto barietate tradizionalen bila
Eskualdeko arto barietate tradizionalen bilaketa lanekin segituko dute orai. Horrela, bada, Baztan-Bidasoko inguruotan norbaitek aspalditik gordetzen duen barietateren bat baldin badu, edo honen inguruko informaziorik badu bidasoa-elikadura@cederna.es helbidera idaztea edo 674 02 47 66 telefonoaren bitartez kontaktatzea eskertuko dute.