Aurten, lehenbiziko aldiz, Udaberritze Eguna ospatuko dute Elgorriagan. Apirilaren 19an, larunbata, egin dute hitzordua eta ostatuaren eta herriko gazteen artean ilusioz antolatu dute eguna. Egun osoko besta izanen da eta ez da bestarik, jatekorik eta edaririk falta izanen. Antolatzaileek animatzeko deia egin diete herritarrei.
Bazkarirako izen ematea
11:00etan adin guzietako herritarrendako jokoak eginen dituzte plazan, eta horrekin batera, toka txapelketa jokatuko dute. 12:30ean bermut elegantea eginen dute herriko ostatuan eta 14:00etan mahaiaren bueltan bilduko dira. Kantu zaharren bazkaria eginen dute eta joan nahi dutenek aitzinetik mugitu beharko dute. Helduen bazkaria 20 euro eta haurrena 15 euro ordaindu beharko da eta apirilaren 16a izanen da izena emateko azken eguna. Elgorriagako ostatuan egin beharko da.
Arratsaldean besta giroan segituko dute: 17:00etan kontzertua hasiko da eta 20:00etan, bortz euro ordainduta, xingar jatea eginen dute. Eguna borobiltzeko, gauean, pintxada izanen da ostatuan.