Aste Santuaren ataria izanen dela baliatuz, kantu sakroekin osatu dute programa, beraien errepertorioan horrelako obra aunitz eta kalitate handikoak dituztela aprobetxatuta. Aitzinetik ere kantatu izan dituzte mota horretako kontzertuak eta abesbatzako kideek zein entzuleek irrikaz hartu ohi dituzte. Tartean, Doneztebeko Cavaillé-Coll organo ederra jo eta entzuteko parada izaten da, gainera.
Ekimena babesteko diru bilketa egite aldera, kontzertuaren sarreran kutxa bat jarriko dute bertaratzen direnek beren ekarpenak egin ditzaten.
Programari dagokionez, a capella-ko hiru obrekin hasiko dute emanadia: Madinaren Aita Gurea, Eriks Esenvaldsen O Salutaris hostia eta Joaquín Larreglaren Ave Maria obrekin. Hirurak abesbatzako emakumezko bakarlarien parte hartzeekin kantatuko dituzte. Ondotik, Hilarión Eslavaren Mi bemoleko mezaren hainbat zati kantatuko dituzte eta baita Felipe Gorritiren Miserereko bertze batzuk zein Gounoden Santa Cecilia Mezaren Sanctus ere. Azken obra hauek piano laguntzaz kantatuko dituzte. Lehendabiziko zati hau aldaretik interpretatuko dute.
Ondotik abesbatza korura igoko da eta Jesús Sorozabalen Salve Regina kantatuko dute organoak lagunduta.
Amaia Cordoba ariko da pianoan eta Ruth Etxebeste organoan, eta denak zuzentzen Ion Irazoki.