«Herriko albisteak ikusaraztea garrantzitsua da»

Ttipi-Ttapa 2025ko api. 5a, 08:00

Urtarrilaz geroztik TTIPI-TTAPAko berriemaile berria da Aitziber Zozaia Juanena urroztarra, eta herrian duten martxaz mintzatu da

Nor dugu Aitziber Zozaia?

Gehienetan kontent ibiltzen saiatzen den 18 urteko urroztarra.

Zein dira zure zaletasunak?

Mendira joatea, familia eta lagunekin egotea, euskal dantzak eta besta pixka bat egitea.

Zer nabarmenduko zenuke Urrozen bizitzeaz?

Lasaitasuna noski, aunitzetan eskertzen dena. Herri ttikia denez, denok elkar ezagutzen dugu eta gurutzatzen dugun guztiei agurtzea eta tarte ttiki batez bederen solastatzea aunitz baloratzen dugu.

Eta zein behar ikusten duzu?

Ostatuaren falta haundia sumatzen da orain, adin guzietako pertsonak elkartzeko leku bat edukitzea. Azkenaldian ere zerbait prestatzerakoan jendearen ilusio falta nabaritzen da; horrelako herri ttiki batean denon artean prestatu behar dira gauzak eta bakoitzaren ekarpena arrunt garrantzitsua da.

Dantza klaseak ematen dituzu herrian, ezta?

Bai, lehen dantza klaseak genituen herrian baina egiteari utzi zen, eta duela bi urte ama batek proposatu zidan umeei klaseak ematea. Aunitz gustatu zitzaidan. Gerora, helduagoak ere animatu ziren eta orain hamabi bat lagun elkartzen gara eta erantzun arrunt positiboa izan du. Hainbat adinetako herritarrak elkartu eta tarte polit bat pasatzeko aukera ematen digu.

Ttipi-Ttapako berriemailea izatea erabaki duzu aurten. Zergatik?

Aitzineko berriemaileak urte batzuk zituen hau egiten eta orain niri proposatu dit lana, eta baietz erran diot. Albiste aunitz ez ditugun arren, horiek ikusarazteak bere garrantzia duela uste dut.

Erraza da albisteak aurkitzea?

Ez, ohiko albisteetatik aparte, zaila da zerbait interesgarria harrapatzea.

Baina Urroz bizirik dagoela erakusten dute, ez?

Bai, eta ilusioa pizten du zure herria bertzeen artean aurkitzea, tamaina ttikia izan arren, polita izaten da.

Zein albiste emanen zenuke gustura?

Ekintza berezirik badugula idaztea gustatuko litzaidake.

Zure helburuak etorkizunerako?

Erizaintza gradua bukatzea eta gustura nagoen lan bat aurkitzea. Zoriontsu izatea, eta Urrozen bada, aunitzez hobe.

Herrian bizitzeko asmoa duzu?

Bai, ttikitatik erran dut bertan gelditu nahi dudala eta ideia berarekin segitzen dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun