Egitasmo berri bat jarri du martxan Iturengo Udalak, inguruko udal eta Ulibeltzak eta Erreka kirol elkarteekin batera. Mendaur kaskoan dagoen Trinitate baselizaren egoera ikusirik, berritzeko lanak egitea erabaki du. 1963. urtean Iturengo eta Zubietako herritar batzuk auzolanean moldatu zuten, lan txukuna eginez. Urtero mantentze lanak egiten dituzte auzolanean, trinitate egunaren aitzineko asteburuan, baina baselizak orain esku hartze handiago bat behar du.
Materiala garraiatzeko helikopteroak aurrekontua igotzen du
Orain arteko auzolanetan, materiala eramateko astoarekin ibiltzen ziren, argazkian ageri denez. Oraingoan, berriz, teilatua berritzea eta bertze lan batzuk aurreikusten direnez, materiala garraiatzeko helikopteroaren beharra aurreikusi dute eta aurrekontua aunitz igotzen da. Garraioaren eta materialaren gastuei aurre egiteko, 1963an bezala, jendearen dirulaguntza behar da (kontu zenbakia ireki da: ES 83 2100 47851121 0031 2142).