Malerrekatik Independentziara! Egunaren balorazio positiboa egin du Ernaik

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 25a, 09:00

Ernai gazte antolakundeak antolatuta Malerrekatik Indenpendentziara! Eguna egin zuten pasa den larunbatean Donezteben. Jende aunitz  bildu zen antolatutako ekitaldietan, eta egunaren balorazio positiboa egin du Ernaik.

Goizean goizetik hasita zer egin eta zer ikusi izan zen Donezteben: eskualdeko sortzaileen azoka, haur txokoa, erakusketa, solasaldia, txaranga...

Ernaik eskerrak eman nahi dizkie larunbateko ekitaldian parte hartu zutenei: «Eskerrak eman nahi dizkiegu goizean postuak jarri zituzten eskualdeko artisau eta sortzaileei antolaturiko azokan parte hartzeagatik, Ernai eta Gure Eskuko hizlariei egungo testuinguruaren eta independentziaren eta erabakitzeko eskubidearen gakoak azaltzeagatik, Elutxa txarangari Doneztebeko ilunabarra girotzeagatik eta Bisai, Trikidantz eta Fifi eta Fefari egunari bukaera borobila emateagatik».

Eguna aitzinera ateratzen lagundu dute Doneztebeko udala eta ostatuak ere eskertu ditu, eta baita parte hartzaileak eta lanean aritu zirenak ere: «Esker bereziak egun hau aitzinera ateratzeko antolakuntzan aritu ziren kide guztiei, sukaldari, txandalari, eta gazte guztieri».

Aldarrikapenak egiteko eguna

Bestarako eguna izateaz harago, aldarrikapenerako eguna zela oroitarazi zuen Ernaik ilunabarrean egindako ekitaldi politikoan. Eskualdeko gazteek dituzten arazoen aitzinean, zapalkuntzarik gabeko bizitza bat aldarrikatu zuten eta horretarako independentzia beharrezkoa dela nabarmendu zuten.

Arazo horien aitzinean «antolatzeko beharra» dagoela azpimarratu zuten eta jarrera matxista eta arrazisten kontra borroka egiteko mezua zabaldu zuten. Apirilaren 17an hasita Berriozarren eginen duten topagunera joateko mezua ere zabaldu zuten.

Hemen irakurritako mezua osorik:

Askatasunaren bidean Independentzia, bai, horixe dio hemen atzean jartzea erabakidugun pankartak; eta aldarri horren baitan antolatu dugu gaurko eguna bera ere. Eta ez, gaurkoa ez dugu Doneztebeko besta egun/gaupasa soil bat bezala ulertzen, gaurkoa bertzelako baloreetan eraikitako eskualde batean sinesten dugunon topaleku eta elkargune moduan ulertzen dugu.

Azken urteetan kezkaz bizitzen dugu orokorrean hedatzen ari den ustezko diskurtso antipolitikoa, baina zer da politika? Eguneroko bizitzan hartzen ditugun erabaki guztiak ez badira? Ezker edo eskuin bidegurutzean gaude eta guri lerratzea dagokigu.

Aunitz dira egun eskualdeko gazteok ditugun arazo eta erronkak, etxebizitza edo landuin bat eskuratzeko zailtasuna, egunerokoan pairatu behar izaten ditugun eraso matxistak, komunikabide zein kaleetan hedatzen diren mezu/eraso faxistak, bizi proiektu bat irudikatzeko ezintasuna… Eta ez, guk ez dugu inposatu nahi diguten bizi eredu hau nahi. Guk zapalkuntzarik gabeko herri bat nahi dugu eta horretarako independentzia behar dugu.

Bide honetan gazteoi indarrak batu eta Euskal Herriari ekarpena egitea dagokigu,
horregatik ezinbertzekoa da egun bizitzen ditugu problematika guzti horien aitzinean antolatzea. Salatu ditzagun jarrera matxistak dituzten gizonak, etxebizitzarekin negozioa egin nahi duten espekulatzaileak, jarrera arrazistak dituzten gure ingurukoak. Borrokatu ditzagun hedatzen ari diren jarrera erreakzionarioak; Denak ez baitu balio, askatasuna ez baita bertzea zapalduz norberak nahi duena egin eta erratea.

Hau guztiagatik elkartu gara gaur hemen dozenaka gazte, eta horregatik elkartuko
gara Berriozarren datorren apirilaren 17an ere. Gizarte hobeago eta justuago batekin amesten dugun gazteak bagaudelako, bai hemen eta baita Euskal Herriko bertze zenbait txokotan ere. Horregatik hemendik ere milaka lagunen topaleku izanen da gazteon eskutik ekimenean parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu.

Bertzerik gabe eskerrik asko gaurkoan Doneztebera hurbildu zareten guztiei.
Segi antolakuntzan eta borrokan. Aupa zuek!

Gazteon eskutik independentziara!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!