Nafarroako Gobernuaren 2024ko Hondakinen Funtsaren bidez «28,404,75 euroko laguntza» hartu zuela jakinarazi du Malerrekako Mankomunitateak ohar bidez, eta hori probestuz, hainbat lan egin zituela gaineratu du; «eraikin publikoetan gaikako bilketa sustatzeko, ikastetxeetan hondakinen prebentzioa bultzatzeko edota zabortegian akitzen duten hondakinen kantitatea murrizteko». Bertzeak bertze, ikasleen artean bokatonak edo hamaiketakoendako bilgarri berrerabilgarriak banatu dituzte. Hondakinak behar bezala kudeatzeko gizarte laguntzarako eragile bat kontratatu dute eta birziklatze egutegia banatu dute etxeetara.
Lortutako emaitzekin kontent dagoela adierazi du Malerrekako Mankomunitateak, «emaitzak arrunt onak» direla erranez. Baina lanean segitu nahi du, «pauso gehiago emanez». Eta zehazki, «ontzi arinak behar bezala kudeatzeko pausoak» ditu begiz joak. Malerrekako Mankomunitateak sortutako ontzi arinen gaikako bilketa % 10 handitu nahi du aurten, eta horretarako «edukiontziak erosteko eta kanpainak egiteko 50.000 euro baino gehiago» inbertituko dituela iragarri du.