Malerrekatik Independentziara! Eguna ospatuko dute larunbatean Donezteben

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 19a, 14:00

Malerrekatik Independetziara! lelopean Malerrekako Ernaik egun osorako egitaraua antolatu du larunbaterako, martxoaren 22rako, Donezteben. Bortzirietan Lesakan goizean ekitaldiak izanen dituzte, eta arratsaldean Doneztebera joanen dira.

10:00etan haurren txokoa izanen da eta ordu berean irekiko dute eskualdeko artisauentzako eta sortzaileentzako azoka. Honako artisauek paratuko dituzte postuak: Harabi diseinuak, Pinttokari, Jiriliz, Ama-ur garagardo artisauak, Herigrafistak, Noma Rao ukenduak, Erdiz Bizirik, Euskaraldia, AnaÏ, Sorginlore, Tropi, Arte-color, Jarrera, Keka Mei, Naroren txokoa, Erlanki, Txaketalari, Roskilule, Egurrezko talla, Mimi crochet 77, Beira lanak, taila eta Bitrala. Gainera, goizean herriko ostatuan erakusketa bat ikusteko aukera izanen da.

12:00etan, Herrigunean, Zergatik Independentzia solasaldia izanen dute Arai Asiain Ernai gazte antolakundeko kidearekin eta Unai Oiarzabal Gure Esku dinamikako kidearekin. Solasaldian Ernai gazte antolakundeak independentzia nola ulertzen duen solastatzeaz gain, Gure Eskuren Herri libre bat dinamikari buruz ere ariko dira solasean.

14:00etan bazkaria izanen dute eta ondotik bingo musikatua izanen da. Arratsaldean, 18:00etan hasita, plazatik hasita Elutxa txaranga ostatuz ostatu ariko da. 21:00etan ekitaldi politikoa eginen dute, eta 22:00etatik aitzinera, musika izanen da protagonista. Bisai eta Trikidantz taldeen kontzertuak izanen dira eta Fifi eta Fefa DJek borobilduko dute besta.

Bortzirietan ere bai

Bortzirietako Ernaik ere Indenpendentziara! Eguna antolatu du larunbaterako. 10:30an solasaldia eginen dute Arranon Zer arazo ditugu eskualdeko gazteak? galderatik hasita. Ondotik, plazan, 12:00etan herri kirolak eginen dituzte, eta 14:30ean kantu bazkaria eginen dute Maddik eta Jaionek girotuta. Handik, Malerrekako egunera joateko aukera izanen da 18:00etan.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun