«Sekretarioaren etxean obra egiten ari den enpresak ohartarazi digu, baimenik gabe pertsona batzuk obrara sartu direla». Hala adierazi du Zubietako Udalak oharrean. Gaineratu duenez, «ez da lehenbiziko aldia izan, eta azken gertakarian, alkohol edariak aurkitu dituzte bertan». Horrez gain, «bestelako kalteak ere» izan omen dira: «gorotzak (kaka) agertu dira obraren barrenean eta ura nahita eta presio handiarekin irekia utzi dute, kalteak eraginez». Besteak beste, «aldagelak urez beteak» agertu direla dio oharrak.
Hala, obra gunera sartzea «erabat debekatua» dagoela azpimarratu du Zubietako Udalak: «Baimendutako pertsonak bakarrik sartzen ahal dira». Eta horrez gain, «arrisku handiak» daudela oroitarazi du, «eskaileraren zuloa adibidez».
Bidenabar, «etxeetan debeku eta arrisku honen garrantziaz solastatzeko» eskatu du udalak, baita «errespetua» ere: «Errespetua guztion ardura da». Errepikatuz gero, «bestelako neurriak» hartu beharko dituela ere ohartarazi du.