XXV. Urrezko binakako aizkolari eta urrezko harri jasotze txapelketetako finalak jokatu dituzte martxoaren 16an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Urrezko aizkolarien maila nagusian Iker Vicente eta Eneko Saralegi nagusitu ziren,
XXV. Urrezko Binakako aizkolari txapelketaren barrenean, urrezko maila nagusian hiru bikote aritu ziren lehian. Iker Vicente eta Eneko Saralegi izan ziren bizkorrenak, beraien lana 24 minutu eta 18 segundotan burutu baitzuten. Minutu erdi gehiago (24.49 zehazki) behar izan zuten Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Jon Rekondo leitzarraren ordez aritu zen Ibai Soroak. Hodei Ezpeleta eta Arkaitz Etxebeste hirugarren izan ziren (27.48). 23 urtetik beherakoan, Jon Erdozia izan zen bizkorrena (3.43), Jokin Larrieta bigarren (4.07) eta Aritz Oiarbide hirugarren (4.16); 19 urtez beherakoan, Oier Mitxelena nagusitu zen (4.00), Kimetz Alzola bigarren (4.18) eta Aitor Saralegi hirugarren (5.02). Desafio moduan, 23 urtez beheitiko eta 19 urtez beheitiko txapeldunen arteko lehia ere izan zen, abiaduran, 45 ontzako enborrarekin. Jon Erdozia 13 segundogatik nagusitu zitzaion Oier Mitxelenari. Emakumezkoetan, Laiene Pikabea izan zen bizkorrena (4.47), Karmele Gisasola Zelai III.a bigarren (5.31) eta Uxue Ansorregi hirugarren (5.58).
Urrezko harri jasotze txapelketa
Urrezko harri jasotze txapelketari dagokionez, gizonezkoetan, harri handien finalean Gari Garmendia nagusitu zen, denera 4.618 kilo altxatuta (bina minutuko txandatan, 175 kiloko laukizuzenari 7 jasoaldi, 138 kiloko kubikoari 11 eta 125 kiloko bolari 15 eman zizkion), Xabier Aranburu Guzta bigarren izan zen (4.181 kilo denera) eta Jon Unanue Goenatxo III.a hirugarren (3.629 kilo); harri txikien finalean Mikel Lopetegi Urra izan zen onena, denera 7.269 kilo altxatu baitzituen (minutu banako txandatan, 125 kiloko laukizuzenari 16 jasoaldi, 125 kiloko kopari 16 jasoaldi, 113 kiloko kubikoari 13 jasoaldi eta 100 kiloko bolari 18 jasoaldi), Beñat Telleria bigarren (6.718 kilo denera) eta Iraitz Arruti Burni Txiki hirugarren (5.680 kiloI). Emakumeen finalean, Maddi Gesalaga izan zen indartsuena eta denera 2.840 kilo altxatu zituen (minutu bateko txandatan, 63 kiloko zilindroari 17 jasoaldi eman zizkion, 63 kiloko kubikoari 13 eta 50 kiloko bolari 19), Aintzane Zumeta bigarren izan zen (2.688 kilo) eta Estefi Etxebeste iturendarra hirugarren (2.651 kilo).
Sari banaketan, txapeldunek ez ezik, txapelketa antolatzen 25 urte daramazkin Egur Sport enpresako Luis Mari Bengoak ere txapela jaso zuen.