Malerrekako Egun solidarioa

'Bularretik ehundutako aitortzak' dokumentala ikusteko sarrerak eta bazkarirako txartelak salgai paratu dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 16a, 10:00

Bularreko minbizi metastasikoaren ikerketarako dirua biltzeko asmoz, Malerrekako Egun Solidarioa antolatu dute apirilaren 12an. Egun horretan eginen duten bazkarirako txartelak salgai paratu dituzte, baita bezperan izanen den Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala ikustera joateko sarrerak ere.

Egun osoko egitaraua antolatu dute Malerrekako Egun Solidarioaren harira. Bertzeak bertze, apirilaren 11n, Amaia Iparragirre leitzarraren Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala ikusteko aukera izanen da, Doneztebeko zineman. Bi emanaldi eginen dituzte, 18:00etan lehenbizikoa eta 20:00etan bigarrena, eta horrat joateko sarrerak dagoeneko erosten ahal dira. Bortz eurotan Doneztebeko Julia kafetegian, Anoi papertegian eta kiroldegian daude salgai. Dokumentala hamalau urtetik gorakoendako da.

Horrez gain, biharamunean, egun osoko egitarauaren barrenean, bertzeak bertze, martxa solidarioa eta bazkaria izanen dira. Martxoaren 20an bukatuko da martxa solidarioan izena emateko eta 2zi kamiseta berdea eskatzeko epea (lotura honetan).

Apirilaren 12an, Angel Mariezkurrenarekin, Beñat Mitxelenarekin eta Bankako Menditarrekin Iturenen eginen den bazkarira joateko txartelak ere salgai daude. Paella, postrea, edaria eta ogia izanen da bazkaria eta txartelak Doneztebeko Anoi papertegian, kiroldegian eta Julia kafetegian, eta Iturengo eta Donamariako ostatuetan erosten ahal dira. Apirilaren 6a izanen da horretarako azken eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun