Ezkurraren etorkizuna arriskuan?

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 16a, 09:00

Etorkizunari buruzko hausnarketa egin du artikulu honetan Fernando Etxeberria Mariezkurrena herriko semeak, eta horretarako Ezkurraren bilakaera historikoa aztertu du. Berak idatzia da segidan heldu den testua.

Biztanleriaren etengabeko gainbeherak arriskuan paratu du Ezkurraren etorkizuna, baina etorkizun horri buruzko erantzun errealista ematen hasi aurretik, uste dut garrantzitsua dela Ezkurraren bilakaera historikoa ezagutzea. Horrek aurreikuspen objektibo bat egiteko balio izaten ahal digu.

1197ko idatzietan ageri da lehenbiziko aldiz Ezkurrako herria, Basaburu Ttikiaren barrenean. Itxura denez, ez zuen foruetarako eskubiderik, herriko biztanleria kopurua ez zelako ezarritako baldintzetara ailegatzen.

Baina historiaurreko monumentu asko daude: menhirra, trikuharria, harrespila eta hilobiak. Gizakia bizi izan zela erakusten duten seinaleak. Juan Miguel Sansinenea medikuak, Jose Miguel Barandiaranekin elkarlanean, 1935ean hamalau monumentu zenbatu zituen, eta Barandiaranek berak Iruñarri iruinarriari edo menhirrari buruzko azterketa interesgarria egin zuen. Gerora Ezkurrako azterketa etnografikoari ekarpena izeneko lana argitaratu zuen.

1297ko dokumentu batean, Ezkurra eta bere mendiak Aznar Sánchez de Ezcurrarenak zirela ageri da, eta bere ondorengoak gaur egun oraindik ezagutzen dugun Palazio etxean edo Hamarrindegian bizi ziren. Hainbat mendetan herritarrek hainbat eztabaida izan zituzten haiekin, jauntxoek herritarrak basailutzat hartzen zituztelako eta horren kontra zeudelako. 1606ko martxoaren 26an herritarrak udalarekin bildu ziren Palazio etxearen aurrean zegoen plazan (gerora hor eraiki zen frontoia), «Ezkurrako errepublika ongi gobernatzeko ordenantza bat sortzeko» asmoz.

1646an etxeen 32 jabe ageri dira eta 38 maizter.

Biztanleria kopuruaren gorabeherak

Garrantzitsua da biztanleria kopuruak izan dituen gorabeherei erreparatzea. 1726an 459 biztanle ziren herrian; 1796an 592, tartean, apeza, bi noble, 99 jornalero, bederatzi artisau, zortzi zerbitzari eta ikasle bat.

XIX. mende hasieran krisi ekonomiko haundia izan zen. Udalak errege-auzitegietako prokuradoreari hamabi dukatak ordaintzeari utzi zion, gordailuzain kargua kenduta eta eskribau, zirujau, maisu eta errotariaren soldatei aurre egiteko arazo larriekin.

1817tik 1847ra bitarteko urteetan, askok herriko etxeak errentan eman zituzten eta baserrietara joan ziren bizitzera.

«XIX. mendearen lehen erdian, populazioa 600 biztanlera goitu zen Ezkurran»

XIX. mendearen lehen erdian, populazioa 600 biztanlera goitu zen. Eta gerra karlisten garaian 400eraino jaitsi zen. Hain zuzen, garai horretan, 1840tik 1874ra bitartean, jende askok Ameriketara alde egin zuen. Raquel Idoate Ancinen Emigración de la Navarra Atlántica a América (1840 – 1874) liburuan ageri denez, «XIX. mendean, gerrak bata bestearen atzetik etorri zirenean, gutxienez, 4.000 nafarrek Amerikara joatea erabaki zuten». Ezkurratik 160 lagun joan ziren, zehazki, Argentinara, Uruguaira eta Kubara (kasu batzuetan familia osoak). Idazlearen arabera, Ameriketara joateko hiru arrazoi izan ziren: familiaren egoera, soldaduska saihestea eta 1793tik 1876ra izan ziren bost gerrek izan zuten eragin ekonomiko negatiboa.

Gure kasuan, Nafarroa iparraldeko familiak abeltzaintzara eta nekazaritzara dedikatzen ziren. Normalean, familia ugariak ziren, eta seme zaharra izaten zen oinordeko eta gainerakoak adinez nagusi izan arte egoten ahal ziren etxean, baina independentzia ekonomikorik gabe. Besteak kanpora joan behar izaten zuten bizimodu bila: inguruan lanera, mendira, seminariora, militar edo emigratu.

Emigrazio horren ondorioz, biztanleriak behera egin zuen. XIX. mende bukaeran 487 biztanle ziren eta 1930ean 485. Gerra zibilaren ondotik, biztanleria 572ra igo zen. Ondoko urteetan eskola adinean zeuden ikasle kopurua 110ekoa izan zen. Baina, zoritxarrez, 1960tik aurrera biztanleria nabarmen jaitsi zen. Urte hartan, 475 biztanle ziren Ezkurran; 1980an 282; 2002an 211 eta 2021ean 146.

«Gaur egun, erroldatutakoak 136 dira baina herrian bizi direnak 96 lagun»

Gaur egun, herrian erroldatutakoak 136 dira, baina bitxikeria bat. Etxez etxe eta baserriz baserri ibili naiz, eta herrian bizi direnak 96 lagun dira, hau da, 40 gutxiago. Udalaren arabera, badira hainbat arrazoirengatik herrian erroldatuak direnak, baina ez direnak bertan bizi. Hori da, adibidez, ehiztari batzuen kasua.

Etorkizunari begira aurreikuspen bat egin ahal izateko, aztertu beharreko beste kontu bat herritarren adina da. Ezkurra, herri paregabea liburuan, 2021ean herrian erroldatuak zirenen adina ageri da eta horren arabera, 40 lagun 70 eta 90 urte bitartekoak; 37 lagun 60-69 urtekoak; 20 lagun 50-59 urtekoak, 22 lagun 40- 49 urtekoak eta 12 bakarrik 20 urtez azpikoak. Horien esku dago etorkizuna.

Biztanleriaren beherakadarekin, Ezkurrako etxe asko hutsik gelditu dira. Horietako asko handiak dira eta beraz, mantentzeko zailak. Batzuk kanpoko jendeak erosi ditu eta bigarren etxebizitzatzat edo oporretarako ditu. Horiek ez dira herritar errealak.

Gaur egungo gizartean aldaketa sozial, ekonomiko eta kultural handiak gertatzen ari direla esanez laburbiltzen ahal genuke, eta horrek herrietako egunerokoan eragina du. Baita Ezkurran ere.

Biztanleriaren gainbeheraren oinarrizko arrazoiak hauek dira: abeltzaintza eta nekazaritza jarduera industriarekin ordezkatu dira, eta horren ondorioz, gazteek kanpora joan behar izan dute fabriketan lan bila, baita eraikuntzan edo egurgile aritzeko ere. Herritik kanpo lan segurua bilatuta, kotxea erosi ondotik, hurrengo pausoa pisua erostea izaten da, batez ere, Leitzan edo Donezteben.

«Egoera ikusita, udala eta herritarrak soluzioak eta alternatibak bilatzen saiatu izan dira»

Egoera ikusita, udala eta herritarrak soluzioak eta alternatibak bilatzen saiatu izan dira. Besteak beste, etxebizitza berriak eraiki eta besteak berritu dira. Badira bost landetxe ere, baita aterpe turistikoa, ostatua eta jatetxea ere; osasun kontsultategia martxan da; gobernuak ibilbideak egiteko informazio panelak paratu eta bideak seinaleztatu ditu...

Ezin aipatu gabe utzi eragin positiboa duen beste gertaera historiko bat: Azken urteotan udalaren funtzionamenduaz bi emakumezko arduratzen dira: Jaione Zabalo Juantorena alkatea da 2019tik eta Mari Jose Ezkurra Legazkue idazkaria 2018tik. Azken hori, Olaia San Miguelekin elkarlanean, idazkaritzako eta artxiboko herriko datu guztiak informatizatzen hasi zen.

Horiek guztiek badakite herriaren etorkizuna ez dela oso itxaropentsua, eta buru-belarri ari dira hobetu nahian. Hala, garai bateko eskolaren eraikina berritu dute jubiloteka beheko solairuan kokatuz eta Ezkurrako eta Eratsungo jubilatuen bilgune da; lehenbiziko solairuan erabilera anitzeko lokala dago; ariketa fisikoak egiteko hainbat tresna paratu dituzte eraikinaren kanpoko aldean; ermitaren ondoan mahai bat, jartzeko tokia eta iturria daude deskantsatzeko; desfibriladorea osasun kontsultategiaren ondoan dago; Helpbidea proiektua martxan da; auto elektrikoak kargatzeko puntua paratu dute; hainbat urtetako borrokaren ondotik araztegia eraiki dute…

Goraipatzeko lana egiten duen ostalaritzako enpresa familiarrak jubilatzeko adina ailegatzean, erretiroa hartuko duela pentsatuz, udalak beste proiektu bat hartu du esku artean. Garai bateko eskolaren beheko solairuan ostatu gisako bat egitea aurreikusi du bizilagunei elkartzeko tokia emanez, eta aldi berean, oinarrizko produktuen komertzio ttiki bat eskainiz.

Hedabide eta eskualdeko udal ordezkari askok biztanleriaren gainbeherari aurre egiteko klase guzietako laguntzak eskatu dizkiote administrazioari. Dudarik gabe, soluzioetako bat jarduera industriala eta zerbitzuak sortzea izaten ahal da. Ikusten denez, horrek ibilbide laburra izan du

Historian Ezkurrak izan duen jarduera ekonomiko «garrantzitsua»

Akitu aurretik, oroitarazi nahi nuke historian Ezkurrak jarduera ekonomiko garrantzitsua izan duela. 1328tik 1586ra Ollin auzoko burdinola ezagunak martxan izan ziren. Burdinolak izan ziren lurretan kokatutako meategien funtzionamenduari buruzko lehenbiziko datuak, berriz, 1877ko abenduaren 17ko udal artxiboan bilduak daude. Meategietako jarduera alde batera utzi zutenean, 1979ko maiatzaren 19an udalak –udala zen lurraren jabea– barrakoiak, laborategiko pabiloia eta meategietako etxebizitzak saltzea erabaki zuen. 

Bestalde, eta dudarik gabe, milaka ardi eta bildotsentzat erabili izan diren 70 ardi bordek erakusten dute jarduera hori familia askorentzat errentagarria izan zela XX. mendearen erdialdera arte.

Gerra zibilaren aurretik zerrategi-zurgindegi bat ere izan zen eta horrek eman zien herritarrei argia. Gerora, errota paratu zuten horren partez, eta ondotik, Iberduerok hartu zuen. Beste errota bat oihalak tindatzen espezializatu zen. Hainbat urtez, teileria bat ere izan zen eta Perrelekutik hurbil zegoen harrobitik marmola atera zuten. Bi okindegi ere izan ziren. Gaur egun, berriz, eraikuntzan ari diren hiru enpresa ttiki daude.

Hainbat denda ere izan ziren, horietako bat arropa saltzen zuena. Eta jende askok gogoan du bost ostatu ere izan zirela. Asteburuetan gizonezkoak horietan biltzen omen ziren, eta maiz, asko jan eta edan ondotik, hala sortzen omen ziren aizkora eta pilota apustuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun