Josu Elberdinekin ikastaroa eginen du Mendi Abesbatzak

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 13a, 10:00

Josu Elberdin duela urte batzuk Baztanen egindako ikastaro batean.

Martxoaren 15ean, larunbata, eginen dute ikastaroa Donezteben eta helburua errepertorioa berritzea eta lan modu berriak ikastea da

Errepertorioa berritu eta lan modu berriak ikasteko asmoz, Mendi Abesbatzak tailer berezia antolatu du martxoaren 15erako. Aitzineko bi ekitaldietan Xabier Sarasola beasaindarra izan da arduraduna eta aurten, Josu Elberdin pasaiatarra gonbidatu dute.

Elberdin nazioarteko proiekzio handienetako duen konpositore euskalduna da eta mundu osoko abesbatzek abesten dituzten obren katalogo zabala du. Gisa guztietako konposizioak ditu, haurren abesbatzen arloari garrantzia nabarmena emanez. Gainera, mundu osoan ikastaro-tailerrak ematen ditu.

Ikastarorako abesbatzak bortz obra berri prestatu ditu. Horietako hiru abesbatza mistorako dira, laugarrena ahots zurien abesbatzarako eta azkena ahots Lodien abesbatzarako. Gazteen lana sustatzeko Mendi Ttikiko nerabeak gonbidatu dituzte Itoitzen Lau Teilatu kantatzera. 

Egun berezia izanen da eta ilusio haundiz ari dira prestaketa lanetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun