Aurtizko frontoia zaharberritzeko lanak eginen dituzte

Ttipi-Ttapa 2025ko mar. 7a, 18:00

Aurtizko Koianea Ttikia pilotalekua zaharberrituko dute.

Hasierako aurrekontua 93.376 eurokoa da eta proposamenak martxoaren 19rako aurkeztu beharko dira

Aurtizko Koianea Ttikia pilotalekua zaharberritzeko eta ixteko lanak esleituko ditu Iturengo Herriko Etxeak. Lizitazioaren hasierako aurrekontua 93.376,43 eurokoa da (BEZik gabe) eta 112.985,48 eurokoa (BEZa barne). Behin lanak esleituta, bi hilabete eta erdiko epea izanen dute lanak burutzeko. Lan hauek egiteko proposamenak aurkezteko epea martxoaren 19an akituko da eta Iturengo Herriko Etxeak herriko eta inguruko bortz enpresari zuzenean eskaini die lana. 

Pilotalekuaren itxiera eta zenbait zaharberritze lan egin beharko dituzte (paretak konpondu eta pintatu, gurpildun aulkientzako sarrera…).

Irailaren 30erako akituak

Urte osoan erabilera handia izaten du Koianea Txikia frontoiak, ez bakarrik pilotan aritzeko, baita bestetan, inauterietan, topaleku eta babesleku gisara. Orain, pilotalekuaren itxiera eta zenbait zaharberritze lan egin beharko dituzte (paretak konpondu eta pintatu, gurpildun aulkientzako sarrera…). Lan hauek irailaren 30erako akituak izan beharko dute, horretarako Nafarroako Gobernuaren Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren dirulaguntza izanen baitute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun