Baztango, Bortzirietako eta Malerrekako Gazte Koordinadora Sozialistak antolatuta, maiatzaren 17an Mendaurko apustua izeneko lasterketa eginen dute. Lasterkariek Elgorriagatik abiatu eta Mendaurko kaskora bitarte dauden bortz kilometroak egin beharko dituzte, 980 metroko desnibelarekin.
Dagoeneko izena emateko epea ireki dute eta interesa dutenek lotura honetan apuntatu beharko dute. Maiatzaren 13a izanen da horretarako hondarreko eguna.
Lasterketa 09:30ean hasiko da Elgorriagako plazatik. Handik Malkorgaña trikuharrira joanen dira, eta Atzurdiko puntara ondotik. Mendaurko kaskoa izanen dute helmuga.
Lasterketa hori baino lehenagotik Mendaurrera oinez joateko ibilaldia ere antolatu du GKSk. Hori ere plazatik aterako da, 08:00etan. Lasterketaren ondotik, berriz, 14:30 aldera, bazkaria antolatu dute plazan. Lasterketan parte hartuko dutenek eta ez dutenek izanen dute bazkaltzeko aukera eta joan nahi dutenek Elgorriagako ostatuan edo mendaurkolaisterketa@gmail.com helbidera idatzita apuntatu beharko dute.