Itsas mailatik 525 metrora dagoela adieraziz segitu du –beraz, eskualdean, Saldiasen ondotik, altitude handiena duena–. «Ezkurra eta Urumea ibaiak» bertan jaiotzen direla ere gaineratu du, eta Erakurri mendia ere gogoan izan du: «1.142 metrorekin inguruko punturik altuena da». Biztanleriari buruzko datuak emanez osatu du aurkezpena: «Gaur egun, 132 biztanle ditu».
Despopulazioa erronka nagusia
2019an ailegatu zen Zabalo alkatetzara, eta bigarren agintaldia egiten ari da Ezkurrako Herriko Etxean. Argi mintzatu da, «despopulazioa» da herriaren «erronka nagusiena». Datuak deigarriak dira: 1960tik % 72 egin du behera biztanleriak, eta 2000tik % 43. Bada zerbait. Horri aurre egiteko neurriak hartu nahi ditu udalak, baina ez omen da erraza: «Askotan udalaren esku ez dauden neurriak dira». Horregatik uste du «Nafarroa mailako erabakiak bultzatu» behar direla: «Ezkurra bezalako herri ttiki bat indarrik gabe sentitzen da halako erronka handien kontra borroka egiteko».
«Ezkurra bezalako herri ttiki bat indarrik gabe sentitzen da erronka handien kontra borroka egiteko»
Laguntzeko proposamen zerrenda ere badu buruan. Konparazio batera, «herri ttikietan bizitzea merkeagoa izateko, neurri fiskalak» eskatu ditu, «beste gastuak, adibidez, beste tokietara mugitu behar denean sortzen diren gastuak nolabait konpentsatzeko». Horrez gain, «etxebizitza eraikitzeko edo zaharberritzeko bidea errazteko eta trabak kentzeko» exijitu du, baita «efizientzia energetikoa lortzeko trabak kentzeko» ere: «Erraztu ditzatela eguzki panelak edo bestelako energia motak instalatzeko prozedurak eta mugak kendu ditzatela; bestela, berriz ere garestiagoa izanen da herrietan bizitzea eta gainera, sentsibilitate ekologikoa dutenek ezin neurriak hartu», salatu du.
Gehiago ere bai. «Bertan lan egiten dutenei laguntzak» eman beharko lizkioketela iruditzen zaio: «Orain dela gutxi ile apaindegi bat martxan jarri zuten egun batzuetarako, eta egindako esfortzuagatik eta apustuagatik laguntzak behar lituzke». Eta horrekin batera, lehen sektorea bultzatzearen garrantziaz aritu da: «Jendea lehen sektorea uzten ari da hortik bizitzea gero eta zailagoa delako eta gero eta burokrazia gehiago dagoelako». Laburbilduz, «neurriak behar dira jendea herri ttikietara etor dadin, bereziki, moduren bat behar du gazteak etortzeko eta gelditzeko».
Herritarren inplikazioa
Langile bakarra du kontratatua Ezkurrako Udalak: idazkaria. Baina «herritar batek udal eraikinak garbitzen ditu eta beste bat jakinarazpenak zabaltzeaz arduratzen da», adierazi du. Hortik haratago, «herriaren alde lan egiten duten herritar asko» daudela azpimarratu du: «herriko azpiegituren mantentze lanak egiten dituztenak, besteak beste, zerbait hausten bada konpontzen dutenak, belarra mozten dutenak, gune publikoak txukun edukitzen dituztenak…; edo bestelako laguntza ematen dutenak, bestetan edo antolatzen diren beste ekintzetan…». Haiei eskertu nahi izan die: «Herritar horien laguntzari esker lortzen da herria txukun mantentzea eta behar diren gauza guziak martxan izatea».
Baliabideak
Ezkurrako herriak «medikuaren kontsulta, udaletxea, bi etxebizitza, frontoia, jubiloteka, erabilera anitzeko gela, kanposantua, ermita, bideak…» ditu bere esku. Eta horiekin gustura diren arren, «momentu jakin batzuetan baliabide batzuk falta» dituztela aitortu du Zabalok: «Adibidez, neguan errepideak garbi mantentzea edo, langile gehiago izatea. Errepideena beste erakundeen ardura da eta udaleko aurrekontuak ez du langile gehiago hartzeko aukerarik ematen». Honela gaineratu du: «Langile profesionalak edukitzea hobe litzateke, baina ezin kontratatu. Horregatik herritarrekin moldatzen gara». Aurrekontuaz ari dela, aurtengoa zenbatekoa izanen den ere esplikatu du: «175.000 euroren inguruan ibiliko da».
Bestelako baliabideen falta ere sumatzen dutela kontatu du: «komertzioak, kulturguneak, udan haurrentzako ludotekako zaintzailea, zerbitzu administratibo gehiago…». Eta bereziki adineko jendea izan du gogoan: «Gazteek kotxean edozein tokitara mugitzeko arazorik ez dute, ezta telematikoki gauzak egiteko ere; adinekoek bai».
«Herri handiek zerbitzu gehiago dituzte. Han dena handiagoa da, baita inpertsonalagoa ere»
Eta egoera zein den ikusita, «oso alde handia» sumatzen du eskualdeko herri ttikien eta handien artean: «Herri handiek zerbitzu gehiago dituzte. Han dena handiagoa da, baita inpertsonalagoa ere», dio: «Ez dago herri ttikietan herritarren artean dagoen hurbiltasunik». Horren harira, herri ttikietan bizitzearen alde onak zerrendatu ditu: «komunitatea elkartuagoa dago, bizi kalitate lasaia dugu, bizi kostu ttikiagoa, eta pertsonen arteko harremanak hurbilak dira». Baina beste aldean, erronkak: «erosotasun, dibertsitate eta pribatutasun falta, lan, kultura eta entretenimendurako aukera mugatuak…». Bere hitzetan, «pertsona bakoitzak bere lehentasunak eta beharrak ditu, eta batzuendako abantaila izan daitekeena beste batzuentzat eragozpena izan daiteke».
«Pertsona bakoitzak bere lehentasunak eta beharrak ditu, eta batzuendako abantaila izan daitekeena beste batzuentzat eragozpena izan daiteke»
Euskararen egoerarekin, ordea, baikor mintzo da: «Ezkurran erabiltzen dugun hizkuntza nagusia euskara da. Kanpotik etorritako bakarren batekin bakarrik hitz egiten da gaztelaniaz. Zerbitzu publikoak euskaraz eskatzeko aukera ere badugu. Beraz, uste dut euskararen egoera ona dela».
Eta kritika eta hausnarketa pare bat eginez bukatu du elkarrizketa. Hasteko, kritika: «Beste erakundeek erabakiak hartzerakoan gure iritzia ez dute kontuan hartzen». Horrekin batera, kanpora bizitzera joan eta herrian etxea dutenei mezua; «Etxea mantentzen dute eta asteburuetan eta oporretan etortzen dira, baina herriko eguneroko martxa asko jaitsi da». Hala ere, kontent da: «Barranka jatetxeari eta ostatuari, landetxeei eta Matxitxulo aterpetxe turistikoei esker, asteburuetan eta udako hilabeteetan bisitariek eta turistek giroa aberasten dute».